Anoeta Kiroldegiaren administrazio kontseilutik kanpo utzi dute Elkarrekin Podemos
Elkarrekin Podemosen udal taldeak prentsa agerraldia egin du gaur udaletxean. Anoeta Kiroldegia erakundearen administrazio kontseiluan sartzeko betoa ezarri dietela salatu du Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. EAJren eta PSE-EEren udal gobernuaren erabakia dela nabarmendu du.
Aurreko legealdian Loic Alejandro Irabazi Donostiako zinegotzia kanporatu zuten administrazio kontseilutik, eta Aranetaren ustez ezarri dien betoak horrekin izan dezake lotura. “Zentzu horretan gogoratu nahi dugu talde bat osatzen dugula, eta ez garela hemen aurretik gertatu diren gauzen erantzule”.
Gertatu dena “oso larria” dela adierazi du. “Ekintza publikoaren kontrol eta fiskalizazio lana oztopatzen saiatzea da udal gobernuaren asmoa. Erabat kontraesankorra da gobernu honen jarrera, ez duelako bat egiten aldarrikatzen duten gobernantza berriarekin, gardentasunarekin eta diru publikoaren kudeaketa egokiarekin”, esan du Aranetak. Oztopoen gainetik, udal gobernuaren kudeaketa kontrolatzeko “lan bizia” garatuko dutela gaineratu du.
Kontratua ez dute bete
Anoeta berritzen ari diren enpresek kontratua “urratu” dutela nabarmendu du Haizea Garai Elkarrekin Podemoseko zinegotziak. “Udala eta Anoeta Kiroldegia obrako lan esplotazioaren konplizeak dira”. Gipuzkoako Eraikuntza hitzarmena ez dela errespetatzen gaineratu du, eta enpresek langileei 4,5 miloi euro zor dizkietela soldatetan.
Langileen ikuskaritzak Anoeta berritzen ari diren enpresak zigortu ditu, eta horren aurrean udalak eta Anoeta Kiroldegiak ezin dutela “beste alde batera begiratu” adierazi du Garaik. Duela gutxi Denis Itxaso Kirol diputatuak Eneko Goia alkateari bidalitako gutuna gogora ekarri du. “Itxasok bere kezka agertzen du lanen zerbitzu teknikoen berrikuspenak erakusten duelako hitzarmenean ezarritako oinarria ez direla betetzen”.