Donostiako 110 markesina berrituko dituzte
Duela hilabete batzuk Dbusek Donostiako markesinen kudeaketarako lehiaketa publikoa aurkeztu zuen, eta PM Trans Europe S.L.U. enpresari adjudikatu dio lizitazioa. 15 urteko iraupena izango du kontratuak, eta garraio sareko geltokien instalazioaz, birkokapenaz, mantentze lanaetaz eta publizitatearen kudeaketaz arduratuko da aipatu enpresa.
Guztira 563 autobus geltoki daude Donostian, 309 markesina erakoak eta 254 zutoin erakoak. 110 markesina berritzea aurreikusten du Dbusek, orain arte berritu duten kopururik handiena. Hiru urte eta erdiko epea dauka enpresak lanak egiteko, urtean 34-36 markesina berrituz. Hiriko altzariak homogeneizatzea da Dbusen helburua, eta markesina berriak Donostia modelokoak izango dira. Azkenaldian jarri dituzten Grimshaw modeloko markesinen antzekoak dira, izan ere, 40 markesina Grimshaw modelokoak dira gaur egun, eta 263 markesina 2003 modelokoak.
Udalaren arabera, berritze lanek ez diote Dbusi kosturik eragingo adjudikazioa lortu duen enpresaren publizitate ustiapenaren bitartez finantzatuko baitira. Gainera, 494.450 euroko kanon finkoa ordaindu beharko dio enpresak Dbusi urtero; baldintza pleguan eskatzen zen minimoa baino %60 gehiago.