Haritz Varelaren aurkako auzibidea akordio judizial batekin itxi dute
Duela bi urte Haritz Varela salatu eta epaitegietara eraman zuten Tximeleten Reboluzioa taldeko hamar emakumek, biluzik ageri ziren argazkiak engaiatuz eta boterekeriaz lortzeagatik. Donostiako Piratetatik eta Sortutik kanporatu zuten Varela garai hartan, eta salatzaileek akordio judiziala lortu du berarekin, prozesua itxiz.
Tximeleten Reboluzioa taldeak bidalitako gutunean azaldu dutenez, Varelak egin duena “aitortu” eta berriz ez gertatzeko “lanketa profesional bat abiatzea onartu” duelako egin dute akordioa. Hamar emakumeek kalte ordainei uko egin diete, ez baitute “sistema espainiar eta matxistan” sinesten. Horrekin batera, eskerrak eman dizkiete prozesu guztian elkartasuna eta berotasuna eman dieten pertsona guztiei.
Askorentzat “zauriak zabalik” jarraitzen duela adierazi dute, eta behar duten distantzia errespetatzeko eskatu diote Varelari. Gainera, gertatutakoak “hausnarketa zabalagoa” behar duela gehitu dute Tximeleten Reboluzioa taldeko kideek, errepikatu ez dadin. Gutun osoa hemen irakurri daiteke.