Lau hamarkada itsasoari begira
1979an ireki zuten Bataplan diskoteka, La Perla dantzalekuaren zati bat egokituta. ‘La Zona’ izeneko festa gunearen leku estimatuetakoa izan zen. 40 urteotan musikari zein musika jartzaile ospetsuak, eta milaka pertsona pasa dira handik.
Belaunaldi askoren gaueko aisialdirako topagune izan da Erdialdeko Bataplan diskoteka. Eta oraindik ere bada. Hilabete honetan beteko dira 40 urte negozioa abian jarri zutenetik Tristan Montenegro eta Maite Sabadell senar-emazteek.
Garai berrietara egokitzeko, 1979ko uztailaren 24an La Perla bainuetxeak zuen dantzaleku handiaren zati txiki bat moldatu zuten. La Perlak Lola Flores eta Raphael gisako artisten proposamen klasikoa eskaintzen zuen, eta horrekin haustea erabaki zuten sustatzaile berriek.
90eko hamarkadan La Perla bainuetxea eraitsi eta berregin zuten, eta orduan diskotekak eremu askoz zabalagoa hartu zuen. Ordutik, dantzarako proposamen berrien hiriko tenpluetakoa bihurtu da.
Bataplan diskotekatik musikari, musika jartzaile eta artista ospetsuak pasa dira. Esaterako, David Ghetta DJ ezaguna. Zinemaldiari eskerrak, berriz, Emma Thompson, Michael Douglas, Salma Hayek eta Mel Gibson gisako aktoreak gonbidatu dituzte diskotekara. Izan ere, hiriko kultur jaialdi eta proposamen hainbaten festak Bataplanen egiten dituzte.
Azken lau hamarkadetan, batez ere, milaka gazte zein helduek aukeratu dute Kontxako badiari begira dagoen diskoteka. Erdialdeko La Zona festa guneko toki esanguratsuenetakoa izan da Bataplan, eta gainerako tabernak pixkanaka desagertu diren arren, zabalik biziraun du.
40. urteurrena ospatzeko hiru festa antolatu dituzte. Maiatzean egin zuten lehena, eta Chimo Bayo musika jartzaileak dantzan jarri zuen diskoteka. Hilaren 20an izango da bigarren festa, eta egungo DJ esanguratsu batzuek parte hartuko dute. Azkenik, Zinemaldiarekin bat eginez, irailaren 28an egingo dute azken festa.