Adimen artifizialeko gradu bat egin ahal izango da Donostian
Donostiako EHUren Informatika Fakultatean egin ahal izango da adimen artifizialeko gradua 2020-2021 ikasturtetik aurrera. 40 ikasle izango ditu eta 240 kreditu, lau ikasturtetan bereizita.
Arlo hainbat lantzeko aukera izango dute izena ematen duten ikasleek. Hala nola, datuen zientzia eta ingeniaritza, robotika, hizkuntzaren prozesamendua, eta konputagailu bidezko ikusmena eta optimizazioa. Hainbat ikasgai ingelesez ere hartu ahal izango dituzte, eta gradua nazioarteko mugikortasun programaren barruan egongo da.
Aitzindaria izango da EHU gradu hau eskaintzerako orduan. Nekane Balluerka errektorearen arabera, berrikuntzak abangoardiako ikerketen alorrean kokatuko du unibertsitatea. “Adimen artifizialak erronkei erantzuten lagunduko du hainbat arlo garrantzitsutan: esate baterako, biozientzietan, energian eta fabrikazio aurreratuan”, gaineratu du Alex Mendiburu Informarika Fakultateko dekanoak.