Anoetako obretako irregulartasunak salatzeko elkarretaratzea egingo du ELAk asteazkeneko istripuaren harira
Asteazkenean Anoetako obretan gertatutako lan istripuaren harira, ELA sindikatuak elkarretaratzea egingo du ostiralean, 11:30ean, estadioaren aurrealdean. Protesta horren bidez, Donostiako Anoeta Kiroldegiak, Anoeta EAB-ak eta enpresa azpikontratatuek euren langileen segurtasuna bermatzea eta Herrialdeko Eraikuntzako Lan-Hitzarmena betetzea eskatuko du sindikatuak.
Osalan eta lan-ikuskaritza 20 metroko altueratik eroritako langilearen istripuaren nondik norakoak eta ardurak argitzeko ikerketa abiatu dute. ELAk, ordea, gogoratu du sindikatuak obretako irregulartasunak hainbatetan salatu dituela: langileen lan-baldintza kaskarrak, lizitazio baxuak, lanak bukatzeko denbora-epe estuak, lanegun amaigabeak, gehiegizko lan-erritmoak, segurtasun neurri faltak…
Ekainean, Anoetako obretan erregistratutako “gehiegikeriak, iruzurrak eta faltsifikazioak” azaleratzeko agerraldi bat egin zuen ELA sindikatuak, eta estadioaren birmoldaketa lanetan parte hartu duten hemezortzi enpresa salatu dituela jakinarazi zuen. Horrez gain, obra hasi zenetik 4,5 miloi euroko soldata zorra, 200 langileren dokumentazioaren faltsifikazioa eta 250.000 euroko isunak frogatu dituela azaldu du sindikatuak.