Bretxako antenen aferan kexatu diren auzotarrak oker daudela dio udalak
Bretxa berritzen ari den enpresak bi antena jarri zituela salatu zuen Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. Hori dela eta, bilera egin dute aste honetan udaletxean egoera argitzeko.
Donostiako Udalak IRUTXULOKO HITZAri adierazi dionez, auzotarrak oker daude, eta bileran teknikarien azalpenak jaso ostean udalari egin beharreko eskaera erretiratu dutela nabarmendu dute. “Bretxan dauden bi antenak 3G eta 4Gren garaikoak dira eta Parte Zaharrari ematen diote estaldura. Beraz, ez da antena berririk jarri, eta are gutxiago 5G antena bat. Gainera, telefonia enpresak argitu du ez duela aurreikusten 5G antenarik jartzea”, dio udalak.
Parte Zaharrean Bizirik auzo elkarteak, ordea, berresten du bi antenetako baten berri ez zuela udalak. “Parte Zaharreko Plan Integrala abiatu zenetik, erreferentziazko teknikari bat dugu, alkatetzako batzordeko kidea dena. Berarengana jo genuen, eta udalean zein Sustapen zerbitzuan ez zekitela ezer esan zigun”.
Arraindegi eraikinean egiten ari diren lanen ondorioz, antenak mugitu behar izan zituzten. “Hortaz, behin behineko aldaketa da egin dena, eta antena bat lekuz aldatu dute. Eta aldaketa hori egin ahal izateko, antenaren jabeak baimena eskatu zuen udaletxean andamioa eta karga-jasogailu bat jartzeko”, azpimarratu du udalak.
Iñigo kalearen aldean zegoen antena kendu zuten, baina fatxada nagusian dagoenak hor jarraitzen duela dio auzo elkarteak. “Esan ziguten alkatetzak agindu duela hau ere kentzea, baina ez gaude ziur”: