"Marianok gainerakoek ematen ez zuten ikuspuntu bat landu eta eskaintzen zuen"
Mariano Ferrer kazetariaren inguruko erreportajea argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk ostiraleko astekarian. Donostiarraren ibilbideaz eta ekarpenaz hitz egin dute ezagutu zuten hainbat pertsonek.
Zergatik abiatu zenuen euskarazko bloga Mariano Ferrer abiapuntu hartuta?
Ez nuen harreman handirik izan Marianorekin, baina puntualki bai izan dudala. 2001ean ezagutu nuen pertsonalki, Javier Ortiz laguna liburu bat aurkeztera etorri baitzen Donostiara eta Mariano izan baitzen aurkezlea. Gero, 2004ko uztailaren 14an abiatu nuen Harrikadak bloga eta justu egun batzuk lehenago, uztailaren 9an, hartu zuen erretiroa Marianok. Asko estimatzen nuen haren iritzia eta bi lerro idatzi nituen: “Arconada erretiratu zeneko sentsazio berdintsuarekin gelditzen gara. Bejondeizula, Mariano!!!”. Kasualitatea izan da hamabost urte beranduago, 2019ko uztailaren 14an (egun berean!), hil egin dela Mariano.
Kazetari gisa nolako zela esango zenuke?
Alde batetik pertsona jakintsua zen, eta hori ez da ohikoa ez kazetarien artean, ezta gure gizartean ere. Aparta, beraz, alde horretatik. Jakintsua izanik ere umila zen eta errespetuz hitz egiten zuen mikrofonoaren aurrean. Ondo pentsatu eta errespetu osoz esaten zituen gauzak, inoren gainetik geratu gabe. Nire ustez, kontziente zelako oker egon daitekeela norbera bere iritziekin.
Saiatzen zen egia bilatzen eta ez zion axola ingurukoak haserretzea. Eta ez bakarrik iritziak: garai zailetan lan handia egin zuen informazioa ere emateko herritarrei.
El Kiosko de la Rosi programarekin sartu zen zure etxera. Zer nolako balioa zuen irratsaio horrek?
1980ko hamarkadaren erdialdean hasiko nintzen ni hura entzuten. Institutura joan aurretik entzuten nuen hasieran. Gero unibertsitatera joan aurretik. Marianok gainerakoek ematen ez zuten ikuspuntu bat landu eta ematen zuen. Desberdina zen, freskoa.
Zer nolako ekarpena egin dio kazetaritzari eta pentsamendu kritikoari?
Kazetari handia izan da. Letra larriz idatzi beharko litzateke haren alboan lanbide hori. Inorekin ez zen ezkondu (horregatik alde egin zuen, adibidez, 1978an Egin-etik, bertako lehen zuzendari izanda). Pentsamendu otzanaren kontrakoa beti.
Adierazpen askatasunaren eta giza eskubideen sustatzailea dela esana duzu. Zergatik?
Javier Ortiz kazetariarekin alderatzen dut nik Mariano, nahiz eta hura bederatzi urte gazteagoa izan. Biek ala biek denon giza eskubideen aldekoak izan ziren eta, bereziki, adierazpen askatasunaren defendatzaile sutsuak. Gaur egun faltan botatzen dena, bide batez. Hau da, gu bezalakoentzat nahi dugu adierazpen askatasuna eta ez beste muturrean egon daitezkeenentzat.