Sareren Orain Presoak bizikleta martxa Donostiatik pasako da
Ostiralean abiatuko du Sarek Orain Presoak bizikleta martxa. Luhusotik aterako da eta Gernikan izango du helmuga hilaren 21ean. “Elkarbizitzaren eta bakearen aldarria” zabaltzea dute helburu. Ostiral arratsaldean iritsiko da Donostiara bizikleta martxa, 16:00ak inguruan. Hirian zehar itzulia egin ostean, Groseko Katalunia plazan egingo dute geldialdia.
Hiru etapa izango ditu martxak. Lehenengo egunean, Luhusotik Zarautzera joango dira txirrindulariak, eta ibilbide horretan pasako dira Donostiatik. Larunbateko bigarren etapan, Zarauztik Lekeitiora joango dira, eta hirugarren eta azken egunean, Lekeitiotik Gernikarako bidea egingo dute. Bukaerako agerraldia Bizkaiko herriko Foru plazan izango da 12:30ean.
Sarek jakinarazi duenez, otorduak, lotarako eta dutxatzeko lekuak nahiz osasun arreta euren esku dago. Horretarako, parte hartzaileek 50 euro ordaindu beharko dituzte. Aldiz, etapa bakarra egin nahi dutenek 20 euro ordaindu beharko dituzte.