Aparkaleku berriekin ez da nahikoa
Kontxako pasealekuan gaizki aparkatutako bizikleta batzuk kendu dituzte Mugikortasuneko agenteek. Hainbat herritar haserre agertu dira erabakiarekin.
Hondartzen inguruetan bizikletak aparkatzeko plaza gehiago jarri ditu Donostiako Udalak, baina uda iristearekin batera, azken urteetako argazkia errepikatu da. Asteartean, Udaltzaingoaren Mugikortasuneko agenteek hainbat bizikleta erretiratu zituztenKontxako pasealekutik. Udaleko iturrien arabera, Kontxako barandan zeuden hiru bizikleta eraman zituzten garabiarekin Udal Gordailura. Dena dela, gaizki aparkatuta zeuden bizikletak hogei inguru zirela gaineratu dute. Horrekin batera, bi erabiltzaileri isuna jarri zieten.
Hainbat herritarrek haserrea agertu dute sare sozialen bidez, eta udalaren Mugikortasun sailaren jarrera kritikatu dute. Besteak beste, aparkaleku gehiago jartzeko eskatu dute erabiltzaileek. Ordea, udalak dio agenteek malgutasunez jokatzen dutela. Bizikleten aparkalekuetan lekurik ez badago, gaizki utzitako bizikleten artetik soilik oztopatzen dutenak erretiratzen dituzte. Dena dela, udalak argudiatu du asteartean bizikletak kendu zituzten tokitik 100 metrora, Zubieta plazako aparkalekuan, hamasei leku libre zeudela.
Bestalde, garabiari deitu eta bizikletak eraman aurretik agenteak zain geratzen direla diote herritarrei arau-haustearen berri emateko. Bizikleta berreskuratu nahi dutenek Ibilgailuen Udal Gordailura joan behar dute. Morlansko Leire plazan dago –Morlans pasealekuaren 7. zenbakian–. Identifikatu eta bizikletaren jabetza egiaztatu ondoren, udal garabiaren tasa eta isuna ordaindu behar dira. 21 eurokoa da tasa eta 90 eurokoa isuna. Nolanahi ere, egunean edo epe motzean ordaintzen bada 45 euro ordaindu behar dira. Horrez gain, gordailuan bizikleta uzteagatik eguneko 4,45 euro gehiago ordaindu behar dira.