"Ikasten jarraitu nahi dut bizitza osoan"
Mundu osoko antzokietan kantuan aritu ondoren, 'Lexia' leen diskoa argitaratu du Gillen Mungiak (Donostia, 1990). Gaur egun, Italia bizi da, eta musika ikasketekin jarraitzen du tenore gazteak.
Musika lirikoak noiz harrapatu zintuen?
Etxean betidanik presente izan dut. Carlos Mungia nire aitona tenore liriko oso ospetsua izan zen Euskal Herrian eta Espainian. 50eko hamarkadan 50 disko inguru grabatu zituen. Aitonarekin harreman berezia izan nuen txikitan, eta musika lirikoarekiko maitasuna transmititu zidan.
Pianoa izan zen abiapuntua, eta gerora hasi zinen abesten.
Musika eskolan sartu nintzenean piano ikasketekin hasi nintzen. Hamasei urte bete arte ahots txarra nuen eta belarria ez nuen garatua. Horrela ere, piano irakasleak esan zidan Donostiako Orfeoi Gaztean sartzeko, tenoreak falta zitzaizkielako. Probatzea erabaki nuen, eta orduan hasi nintzen abesten eta belarria egiten.
Donostian sei urtez aritu nintzen ahots teknika hobetzen, Almudena Ortega irakaslearekin. Aldi berean, Josu Okiñena piano jotzailearekin errepertorioa lantzen hasi nintzen. Ordutik, makina bat irakasle izan ditut Hanburgon (Alemania), Tenerifen (Espainia) eta Milanen zein Parman (Italia). Ikasten jarraitu nahi dut bizitza osoan.
Espero zenuen tenore izatera iritsiko zinela?
Inolaz ere. Piano irakasleak orfeoian sartzeko esan zidanean barre egin nuen. Gerora, aitonari esan nion orfeoiarena, eta bera ere barrez hasi zen. Horrek mindu egin ninduen eta tenore ona izatea erabaki nuen. Ahalegin berezia egingo nuela erabaki nuen, eta tira, honaino iritsi naiz.
Lexia estreinako diskoa argitaratzeko aukera noiz sortu zen?
Josu Okiñenarekin hainbat kontzertu eman ditut azken urteetan. Ez dugu opera jorratu, baina bai abestiak nola landu. Berak irakatsi dit musika nola egin behar den eta nola sentitu behar dudan. Bion artean harreman estua lortu dugu musika egiterako garaian. Horrela, Sony Classic diskoetxera joan ginen eta disko bat egin nahi genuela esan genien. Baiezkoa eman ziguten, baina disko berezia izatea nahi zuten. Lanketa baten ostean erabaki genuen hitzari garrantzia ematea. Horregatik, Lexia da diskoaren izenburua, grekeraz hitza esan nahi du.
Hitz bakoitzari duen garrantzia eman nahi izan diogu diskoan. Baita landu ditugu hizkuntzei ere; frantsesa, alemaniera, italiera, gaztelania eta euskara. Gu biok egin dugun lana oso berezia izan da. Disko hau mundu mailan atera da, eta ahoskera ondo lantzea ezinbestekoa zen.
Ia 100 abestiko errepertorioa landu duzue, eta azkenean hamabost sartu dituzue diskoan.
Bi urtez aritu gara lanean. Italian ikasketak egiten ibili naizen bitartean, maiz etorri naiz Josurekin abestiak prestatzera. Guztira hemezortzi grabatu genituen, baina hamabost daude lanean. Kantuak prestatzen hasi ginen, eta ikusten genuen zeintzuk bat egiten zuten bilatzen genuenarekin. Lan gogorra eta polita izan da.
Diskoa zuzenean aurkezteko aukera izango duzue?
Gustatuko litzaiguke Josu eta biok emanaldiak ematea Euskal Herrian eta estatuan. Izan ere, zuzenekoak badu beste magia bat.