Iltzea ez dute horren erraz hiltzen utziko
Loiolako jaiak aurrera atera dituzte, eta bihartik hilaren 31ra bitarte izango dira. Zubietako festak herenegun hasi ziren, eta Amarakoak gaur abiatuko dira.
Bizirik dago Loiola, eta horri esker festak antolatu dituzte. Azken urtea ez da samurra izan jai batzordearentzat, baina auzotarrekin batera lortu dute bizirautea. Bihar hasi eta San Ignazio egunera bitarte, bost eguneko egitarau zabala prestatu dute. Iltzea, jaietako ikurra, ez dute hiltzen uzteko inolako asmorik.
Duela bi hilabete erabaki zuen jai batzordeak aurrera egitea. Ordura arte zalantza ugari zeuden Loiolako jaien inguruan, besteak beste, arazo ekonomikoengatik. «Auzoan kezka sortu zen, eta auzotarrak mugitu dira jaiek aurrera jarraitzea nahi dutelako», azaldu du Ander Edok, jai batzordeko kideak. Urtean zehar hainbat jarduera antolatu dituzte dirua biltzeko, eta auzoak izan duen erantzun ona azpimarratu du.
Berandu baina seguru ibili dira aurtengo festak antolatzeko. Dena ondo neurtu dute, eta egitaraua prestatzerako garaian neurriak hartu dituzte aurrezteko eta diru sarrerak igotzeko. «Festen kartelak ondo islatzen du bizi dugun egoera. Zuri beltzean ageri den garai bateko kukaña horren gainean sentitzen gara, orekaren bila».
Batelen estropadarekin hasiko dira jaiak, bihar 17:00etan. «Aurten inoiz baino kuadrilla gehiago izango ditugu ibaian. Hamabi dira izena eman dutenak, eta orain arte lau edo bost izan dira gehienez». Txupina, berriz, 18:30ean botako dute, eta jarraian koloretako puxikekin beteko dute Latsarien plaza.
Buruhandi eta erraldoiak bihar aterako dira lehen aldiz kalera, eta hainbat auzotarrek hartu duten ardura azpimarratu du Edok: «Erraldoiak ateratzeko arazo ugari izan ditugu azken urtetan. Zorionez, auzoko guraso talde batek hartu du ardura. Erraldoien jantziak prestatu eta entseguak egin dituzte». Gauean, Kilimak runba taldeak eta Sara Hebe musikariak joko dute.
Berritasunetako bat bigarren egunean izango da. Igande iluntzean Loiola Got Talent lehiaketa egingo dute. «Kontzertuetarako diru askorik ez dugunez, auzotarren sormenaz baliatuko gara zerbait dibertigarria egiteko. Jendea gogotsu dago eta hainbatek eman dute izena dagoeneko. Bideo bat egin genuen iragartzeko eta asko zabaldu da», adierazi du Edok. Dena dela, igandean beste hainbat jarduera ere egingo dituzte. Esaterako, Euskal Herriko III. Ardo feria 11:30ean. «Joxemi Aierbek antolatzen du. Jai batzordeko kidea izandakoa da eta ardoaren mundua ondo ezagutzen du. Arrakastatsua izan da orain arte».
Astelehena nahiko lasaia izango da, eta horrela ere jarduerarik ez da faltako. «Ginkana bat prestatu dugu haurrentzako, kultur etxeak eskaintzen duen antzezlana izango dugu, eta 19:30erako estreinaldi bat prestatu dugu: Olatu Talkan grabaturiko Behin batean Loiolan bideoa». Asteartean, berriz, tradizio bihurtu duten San Fermin txikia egingo dute. «11:30ean entzierroa egingo dugu Iruñea tabernaren aurrean, eta Iruñeko txaranga batekin girotuko dugu auzoa». Arratsaldeko jarduera nagusia kukaña izango da. «Loiolan jende gehien mugitzen duena da». 17:30ean elkartuko dira ibaiko moilan.
Festak biribiltzeko San Ignazio eguna ospatuko dute hilaren 31n askotariko eta ohiko egitarauarekin: lasterketa herrikoia, kantujira, Loiolatarrak elkarteak antolatzen duen batel txapelketa, nazioarteko dantza eta folklore jaialdia, sagardo jaia eta moto zein trizikloen lasterketa. Festak bukatzeko, aldiz, Hiltzearen ehorzketa egingo dute 23:00etan, eta Edok aitortu du jarduera ederrenetakoa iruditzen zaiola sortzen den giroarengatik. «Iltzea da gure ikurra, eta aurten atera ditugun kamiseten protagonista ere bada. Iltzea bizi leloa erabili dugu, Loiolako festen errealitatearekin hitz joko bat egiteko».
Eremu zabalagoa
Gaur hasiko dira Amarako jaiak, eta San Ignazio egunera arte iraungo dute. Azken hilabetetan auzoan egiten ari diren lanak direla eta, jaietarako eremu zabalagoa hartu ahal izango dute. Hain zuzen, Arrokako plaza berrituan jarduera ugari antolatu dituzte. Bestalde, aurten auzoko eragile bat omenduko dute aurreneko aldiz jaien hasieran. «Urtero auzoko eragile bat omentzea erabaki dugu, eta aurten Eskola dantza taldea aukeratu dugu beti laguntzeko prest daudelako», azpimarratu du Ane Ubiria jai batzordeko kideak.
Gaurko gazte eguna da egitarau zabalena duena. 12:00etan egingo duten paella txapelketarekin hasiko dute eguna, eta gauerdia pasa bitarte denetarik izango dute, batez ere, Easo plazan. Aipatzekoak dira gazte bazkaria (14:30), txupina eta omenaldia (19:00) eta sardina jatea (21:00). Biharko jarduera nagusienetakoa marmitako txapelketa izango da, 10:30etik aurrera, eta arratsaldean pala txapelketen finalak izango dituzte Amarako frontoian.
Igandea, haurren eguna izango da, eta astelehenean kirola izango da protagonista. Besteak beste, 3×3 saskibaloi txapelketa egingo dute Arroka plazan. Kroketa txapelketa, berriz, asteartean izango da gauerdia pasata. Hilaren 31an biribilduko dituzte festak, tortilla txapelketarekin, herri kirolekin eta afari herrikoiarekin.
Zubietarrei esker
Asteazkenean hasi ziren Zubietako jaiak, eta atzo izan zuten Santio eguna. Aurten, herritarren eta eragileen laguntza eskertu nahi izan du jai batzordeak. Hala nola, Pilota elkarteari, Zortzitan bertso eskolari, Guraso elkarteari eta guraso talde beterano zein berriagoari.
Oilasko biltzaileen eguna da gaur, eta gazteak baserriz baserri ibiliko dira eguerdira bitarte. Bihar, sagardo dastaketa egingo dute, eta ondoren, I. Bertso Txapelketako sari-banaketa. Igandea, adinekoen eguna izango da, eta astelehena haurrena. Herri olinpiadak berreskuratuko dituzte astearteko Gaupasa egunean, eta Gozategi taldeak joko du gauerdian. San Ignazio egunarekin batera bukatuko dira Zubietako jaiak.