"Donostia aldatu egiten da Jazzaldian"
Lotura handia du Kassandra Charalampi (Atenas, Grezia, 1984) abeslariak Donostiarekin eta Jazzaldiarekin. 2012an heldu zen Donostiara, Musikenen jazz kantua ikasteko, eta 2014az geroztik urtero jo du jaialdian. Reunion Big Band, The Soul Messengers eta Kass & The Gingerbread Boys taldeekin jo izan du, eta hirukote formatuan joko du gaur.
Jazzaldirako gogoz zaude?
Gogo askorekin nago. Donostia aldatu egiten da Jazzaldian, eta joko duten nire lagunak ikusteko gogo asko ditut.
Jarraian joko duzun seigarren urtea da aurtengoa.
Bai, eta Musikenetik ateratako tokiko taldeekin jo izan dut beti: The Soul Messengers, Reunion Big Band, Kass & The Gingerbread Boys.
Beraz, formatu desberdinetako taldeekin jo duzu. Nola gozatzen duzu gehiago?
Denak dira desberdinak. Big Band batekin jotzea luxu bat da, hogei musikari izateak energia berezia ematen baitu.
The Soul Messengersekin jotzen nuenean, aldiz, desberdina zen. Funk eta soul musiketako bertsioak egiten genituen, eta festa bat zen. Kass & The Gingerbread Boysekin bluesa jotzen genuen, eta bestelako kontzertuak ziren. Baina, bereziki, The Soul Messengersekin oso ondo pasatzen nuen, jendea dantzan ikusten nuelako.
Zer errepertorio mota egingo duzu aurten zure hirukotearekin?
Broadwayko eta musikaletako jazz klasikoak egiten ditugu, hori baita nire jardun gustukoena.
Nola erantzuten dute Jazzaldiko zaleek?
Oso eskertuta egoten dira beti, eta hori oso polita da. Hirukote formatuan jotzen dudanean, niretzat barrutik garbitzea da, baina batzuetan ez dakit publikoa ni bezain beste gozatzen ari den. Izan ere, jazz leuna da hirukote moduan egiten duguna, eta publikoaren erantzuna ez da hain azkarra.
The Soul Messengersekin edo Gingerbread Boysekin, aldiz, unean unekoa zen erantzuna. Gogoratzen naiz bai Gingerbread Boysekin eta bai The Soul Messengersekin eman genituen kontzertu batzuk, euria ari zuela eta jendeak dantzan jarraitzen zuela.
Aurten ez zara Reunion Big Band taldearekin egongo.
Musikeneko talde bat da, eta orain ez naizenez Donostian bizi, ez nago taldean jada. Hala ere, ikustera joango naiz.
Trinitate plazan jotzea gustatuko litzaizuke?
Noski baietz. Amets bat da egunen batean nire proiektu propioa izatea eta Trinitate plazan jotzea, horren bila goaz.
Nola bizi duzu Jazzaldia?
Musikari gisa oso polita da Jazzaldian jotzea, eta ondoren Altxerriko jam sessionera joatea. Gustatuko litzaidakeena da urtean zehar ere horrelako kontzertu eskaintza egotea.
Nola ikusten duzu Jazzaldiaren eta Musikeneren arteko harremana?
Oso ona dela uste dut, niri jaialdian jotzeko aukera eman baitit. Izan ere, kontserbatorioan ikasteaz gain, oso garrantzitsua da zuzenean jotzea.
Zer iruditzen zaizu aurtengo egitaraua?
Maila oso altua dago beti. Hala ere, ondo legoke jazz pixka bat gehiago egotea. Ondo dago askotariko estiloak egotea, baina jazzean zentratuago egotea ondo egongo zen. Ulertzen dut, baita ere, jendeak gozatu behar duela eta jazzarekin ez duela hondartzan berdin dantzatuko.