Jazz musikaz beteriko hiru egun daude aurretik
Herenegun hasi zen Jazzaldia, eta Donostia jaialdian murgilduta dago jada. Bi egun hauetan kontzerturik ikusteko aukerarik izan ez dutenek asteburu guztia daukate tokiko zein nazioarteko talde handiak ikusteko.
Indartsu hasi zen herenegun Jazzaldia, Joan Baez eta Jamie Cullum izarrek Zurriola hondartzako agertokian kontzertu bana eskaini baitzuten. Kursaaleko terrazetan ere kalitatezko musika egon zen, han bildutako zaleek Mikel Azpiroz donostiarraren Elkano Browning Cream taldeaz eta Dan Barrett Classic Jazz All Stars taldeaz gozatu ahal izan baitzuten.
Goiztiarrenek Paul San Martin eta Lluis Coloma blues piano-jotzaileen emanaldia ikusi ahal izan zuten San Telmo Museoan, Patri Goialdek Miles Davis handiaren inguruan eman zuen hitzaldiaren ondoren. Arratsaldean, terrazetako kontzertuetaz gain, Joe Jackson abeslariaren Kursaaleko kontzertua izan zen emanaldirik nabarmenena. Gau aldean, aldiz, jazz zaleek Donny McCaslin eta Maria Schneider ikusi ahal izan zituzten Trinitate plazan, eta pop zaleek Zahara eta Dorian Zurriolan. Lehen bi egun horietako kronikak irakurgai daude jada www.irutxulo.hitza.eus webgunean, eta asteburuan zehar gehiago irakurri ahal izango dira.
Asteburu luzea
Jazzaldia hasi baino ez da egin, eta Martirio eta Chano Dominguez ikusteko aukera izango da gaur eguerdian Viktoria Eugenia Antzokian. Terrazetan, ordea, Sara Zozaya eta Fredi Pelaez Trioren moduko tokiko artistak ikusi ahal izango dira. Stinus Vidal eta Neneh Cherry egongo dira iluntzean hondartzan, eta Joshua Redman, Ron Miles, Scott Colley eta Dave Kingen Still Dreaming proiektua eta Unspeakable Garbage taldea Trinitate plazan.
Gauean asko luzatzen ez direnek Japoniako jazzaren inguruan ikasteko aukera izango dute bihar goizean Viktoria Eugenia Antzokian, Patri Goialderen eskutik. Arratsaldean, John Zorn aurtengo Donostiako Jazzaldia saridunak bere hiru orduko lehen maratoia emango du Kursaalean, bigarrena igandean emango duelarik. Japoniako jazzarekin jarraitu nahi dutenek Chihiro Yamanaka ikusi ahal izango dute Frigo Gunean, eta dantzarako gogoz daudenak ezin dira Heineken Terrazan Amaika Rude Sound eta Broken Brothers Brass Band taldeak ikusi gabe gelditu. Gauean Houston Person eta Diana Krall izango dira Trinitate plazan, eta Nogen eta Belako Zurriolan.
Igandean agur esango dio beste urte batez Jazzaldiak, eta hiru talde donostiarrez gozatu ahal izango dute zaleek: Sara Mansilla y Los Juanes, Hot Potato Blues Band eta Mojo Hand. Ondoren, nazioarteko bi izar ikusteko aukera egongo da Trinitate plazan: Charles McPherson eta Silvia Perez Cruz. Bestalde, asteburuko egitarau zabalagoa astekari honetako agendan kontsultatu daiteke.