Beste istripu bat gertatu da Anoetako estadioaren lanetan
Anoetako estadioaren lanetako garabi bat iraultzeko zorian egon zen atzo goizean, uztailaren 31n. Makinarekin futbol zelaiko bigarren pisuko harmailak jartzen ari ziren, eta egonkortasuna galdu ostean, zelaiaren gainean gelditu zen, bi hankaren gainean. Langileek beste garabi batzuk erabili zituzten eroritako makina zuzen jartzen saiatzeko.
Istripuaren ondorioz ez zen zauriturik egon, baina ELA sindikatuak gogor salatu du istripua, eta adierazi dute “beste behin” lanak gaizki egitearen ondorioz izan dela istripua. “Zelaia ez zapaltzearren garabiaren bi hanka bakarrik jarri zituzten lurrean, eta ez lau. Hau da, makinak ez zeukan egonkortasunik. Dena irudiagatik”, kritikatu dute.
Joan den uztailaren 17an langile bat 20 metroko altuera batetik erori zen, estadioaren egiturako estalki bat askatu ostean. ELA sindikatuak futbol zelaiko birmoldaketa lanetan izandako “gehiegikeriak, iruzurrak eta faltsifikazioak” salatu ditu azken hilabeteetan.