Zinemaldiak haurtzaindegi zerbitzua eskainiko du jaialdiko profesionalentzat
Zinemaldiak haurtzaindegi zerbitzua sustatuko du, jaialdiko akreditatuentzat. Puxika Gorria izeneko zerbitzua San Telmo Museoarekin eta Parenting at Film Festivals taldearekin lankidetzan, eta CIMA-ren (Zinemako eta Ikus-entzunezko Bitartekoetako Emakumeen Elkartea) laguntzaz antolatuko dute. Zerbitzuak ehun metro karratuko eremua eskainiko du San Telmo Museoan, izan ere, Zinemaldiaren egoitza nagusietako bat da museoa, eta han egiten dituzte industriako profesionalentzat antolatutako jarduerak; besteak beste, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa.
Zaintzaile profesionalen enpresa batek kudeatuko du eremua, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez zainduko dituzte akreditatuen umeak. Zerbitzua 10:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, irailaren 20tik 28ra arte. Zerbitzua 6 hilabetetik 6 urtera arteko haurrentzat izango da, eta gainera, haurtzaindegiak edoskitzeko eremu bat eta gurasoentzako elkargune bat izango ditu. Zinemaldi osorako, haur bakoitzeko 50 euro izango da haurtzaindegiaren kostua. Era berean, hamasei orduko bonuak eskuratu ahal izango dira, 30 euroan.
“Apurka-apurka, zinema jaialdietara iristen ari da kontziliazioa. Xumeki, haurtzaindegi honekin geure harri-koskorra ekarri nahi izan dugu, garapen sozial bidezkoagoa eta inklusiboagoa bultzatzeko”, adierazi du Zinemaldiaren zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek. Era berean, Parenting at Film Festivals taldeko sortzaileek (Sarah Calderon, Michelle Carey, Aurelie Godet eta Olimpia Pont-Chafer) honakoa adierazi dute: “Parenting at Film Festivals elkarteko kideoi poz handia ematen digu Donostia Zinemaldian Puxika Gorria/El Globo Rojo egitasmoarekin elkarlanean aritzeak. Gure industrian lana eta familia bateratzeko lagungarria izatea espero dugu, eta gizarteari, oro har, eredu ematea”.
Antolatzaileek azaldu dute irailaren hasieran jakinaraziko dituztela haurtzaindegi zerbitzuaren gainerako xehetasunak. Informazio gehiago nahi izanez gero, eta aurrez izena emateko, helbide elektroniko honetan jar daiteke antolatzaileekin harremanetan: ParentingAtFilmFests@gmail.com.