Ubik martxan da berriro ere
Zazpi hilabete luzez itxita egon da Ubik, bertako bitartekariek euren lan baldintzak hobetzeko egindako grebaren ondorioz. Borrokak fruituak eman ditu eta lan baldintza duinak bermatuko dizkien akordioa sinatu dute bitartekariek. Ostegunean zabaldu zuten berriro Tabakalerako Sorkuntza Liburutegia eta ohiko martxa hartzen ari da apurka.
Bitartekarietako batek hedabide honi adierazi dionez, herritarrak berriro ere liburutegira etortzen hasi dira azken bi egunotan eta jendeak sare sozialen bidez helarazitako berotasuna ere nabaritu dute. Hain greba luzearen ostean itzultzea zaila dela esan du, baina gutxinaka martxa hartzen ari direla. Egindako borrokaren ondorioz akordio duin bat lortu dutela azpimarratu du, eta espero dutela beste inon hain greba luzerik ez behar izatea lan baldintzak hobetzeko.
Esan duenez, “normalean, kulturaren alorrean lan egiten duen jendeak izaten dituen lanak epe motzekoak eta gaizki ordainduak izaten dira eta kosta egiten da horrelako grebak egitea. Egoera antzekoan egonda hainbeste iraun duen grebari eutsi izana izan daiteke inspiragarria beraien baldintzengatik borrokatzeko. Horrek ez du esan nahi zazpi hilabeteko greba bat egin behar dutenik, baina bai beraien baldintzengatik borrokatu eta sektorea duindu”.
Ohiko ordutegi eta jarduerekin dago zabalik liburutegia: goizeko hamarretatik arratsaldeko zortziak arte egoten da zabalik asteartetik larunbatera, eta hamarretatik ordu biak arte igande eta jaiegunetan. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, publiko espezializatuarentzat zein orotariko herritarrentzat: edukiak, musika-tresnak, ordenagailuak edo argi-mahaia espazioan bertan erabiltzeko aukera; eduki eta “gailuen” mailegua (tabletak, bideokamerak eta argazki-kamerak); edizio-postuak (ikus-entzunezkoak, irudia, diseinua, eta abar); sorkuntza-txokoak (teknologia, kroma, soinu-grabaketa eta autoedizioa) eta ikasketa, sorkuntza edo ikerketarako laguntza. Horrez gain, liburutegiak programazio zabala antolatzen du urte osoan, eta ia 30.000 erreferentzia dituen katalogoa dauka.