Ehunka herritar bildu ditu Euskal Errepublikaren aldeko manifestazioak
Aste Nagusia piztu baino lehenago, manifestaziora deitu ohi du urtero ezker abertzaleak. Atzo, ehunka lagun elkartu zituen EH Bilduk antolatutako mobilizazioak. Gora goaz. Euskal Errepublikarantz! lelopean, “berdintasunean oinarritutako euskal errepublika” bat aldarrikatu zuten Artzain Onaren plazan hasi, eta Zuloagan amaitu zen kalejira tankera hartu zuen martxan. Herritarrek euskal presoen etxeratzearen eta independentziaren aldeko aldarrikapenez bete zituzten Erdialdeko kaleak.
Zuloaga plazan egin zuten mobilizazioaren amaierako ekitaldia, eta Estitxu Elduaien EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak hitz egin zuen indar subiranistaren izenean. Azken hilabeteetako hauteskundeetan ezkerreko indar subiranistek lortutako emaitza onak nabarmendu zituen Elduaienek, eta “baikor egoteko arrazoiak” badirela gaineratu zuen.
Era berean, Espainiara begira jarrita, ERC eta EH Bilduren artean sortutako elkarlana “erabakigarria” izan dela baieztatu zuen: “Espainiako eskuin muturra gelditu dugu, eta guk betidanik defendatutako balio politiko eta sozialak gizartean gero eta errotuago daude”. Espainiako Estatua “krisi larrian” dagoela baieztatu zuen batzarkideak, eta “Kataluniako erreferendum eredugarriak” horixe uzten duela agerian.
“Argi erakutsi dugu gero eta gehiago garela euskal errepublikaren alde gaudenok, eta gero eta gehiago garela berdintasunean oinarritutako Euskal Herri libre, aske eta burujabe batean bizi nahi dugunok”, laburbildu zuen koalizio abertzalearen izenean Elduaienek.