Kolore guztietako baltsak uretaratuko dira
Portutik atera eta Kontxako hondartzaraino, Donostia abordatuko dute gaur arratsaldean Donostiako Piratek. Goizean, giro paregabean, baltsen muntaketan aritu dira, eta euria ez da oztopo izan lanarekin jarraitzeko.
Goiz-goizetik jendea gogotsu joan da porturantz. Palez, egurrez eta poltsaz kargatuta talde bakoitzak bere baltsa propioa osatu du. Ohi bezala, antolamendua ere nabarmentzekoa izan da. Boluntarioek eta antolatzaileek hiru txandatan zatitu dute muntaia, eta parte hartzaileak taldeka gerturatu dira haien baltsak itsasoratzera.
Irratiko esatariek giroa sortzen lagundu dute aurten ere bai. Ainhoa Etxebarria kazetaria egon da muntaketako lehen orduetan mikrofonoan, eta ondoren Karramarro Uharteko kideen txanda izan da. Karramarro Uhartea Donostiako Piratek aurten sortu duten irrati saio berria da, eta umorez jositako hainbat berri eta atal eskaintzen dituzte egunero. Muntaketa ondoren, giroak portuan jarraitu du eta bazkarian 400 lagun elkartu dira.
Guztira, 200 baltsa inguru prestatu dituzte eta 1500 bat lagunek abordatuko dute “kortsarioen Donostia”.