Ostegunean hasiko da Kontxako Banderaren lehia
Kontxako Banderaren sailkatze estropada egingo dute ostegunean. Emakumezkoen 20 talde ariko dira lehian (17:30ean), eta 23 gizonezkoetan (18:00etan). Zazpi onenak sailkatuko dira irailaren 1eko eta 8ko jardunaldietarako. Hain zuzen ere, Donostiarra traineruaren bi ontziekin batera ariko dira bi asteburuetan.
Pasa den asteko ostiralean egin zuten Kontxako Banderaren aurkezpena, eta izango den berritasun nagusia azpimarratu zuten. Aurten, lehenengo aldiz, TKE ligak ezarritako semaforo bidezko irteera sistema erabiliko dute, lehiakide bakoitzaren estropada-denboraren zenbaketa ahalik eta zehatzena izateko helburuarekin.
Sariei dagokienez, Donostiako Udalak berdintasunaren aldeko konpromisoa berretsiko du aurten ere. Bi modalitateak kontuan hartuta, guztira 83.000 euro banatuko dira. Lehen postuan sailkatutako traineruek 24.000 euro eta bandera irabaziko dituzte. Horrez gain, Adegi erakundeak sari berezi bat emango die estropadetan denbora onena lortzen duten traineru gipuzkoarrei; 5.000 euro eta trofeoa.
Parte hartzaileak
Emakumezkoetan 20 taldek parte hartuko dute sailkatze estropadan, bi multzotan banatuta: Arraun Lagunak, Cabo, Perillo, Mugardos, Deustu, Mecos, Colindres, Hernani, Hibaika, Hondarribia, Isuntza, Kaiku, Lapurdi, Nautico de Rivera, Ondarroa, Orio, Tiran, San Juan, Tolosaldea eta Zumaia.
Gizonezkoetan, aldiz, 23 talde izango dira lehian, bi multzotan banatuta: Arkote, Astillero, Bermeo-Urdaibai, Mecos, Cabo, Ares, Deustu, Getaria, Hondarribia, Kaiku, Lapurdi, Lekittarra, Mutriku, Ondarroa, Orio, San Juan, San Pedro, Santurtzi, Tiran, Pedreña, Zarautz, Zierbena eta Zumaia.
Estropadak ikusteko
Estropadak Pasealeku Berritik, Urgull menditik, Kaitik eta Alderdi Ederretik ikusteko sarrera erosi beharko da. 4 eurokoa izango da sarrera orokorra –Donostia Kulturako txartela aurkeztuz gero %10eko deskontua–, 2 eurokoa sarrera murriztua –langabeak, pentsiodunak eta 30 urtetik beherakoak–, 8 eurokoa tribunako sarrera –6 urte arteko haurrak doan, eserlekurik okupatzen ez badute–, eta sarrera doakoa 12 urtetik beherakoentzat.