Realak denboraldiko lehen partida irabazi du Son Moixen
Txuri urdinek 0 eta 1 irabazi zioten atzo Mallorcari, ligako bigarren jardunaldian. Etxetik kanpo jokatu beharko dituzten hiru partidetatik bigarrenean lortu dute sasoiko lehen garaipena. Hamasei urteren ondoren Son Moix zelaiko estatistika ezkorra bertan behera utzi zuen Realak Martin Odegaard gaztearen golari esker. Bi neurketa jokatuta lau puntu ditu talde txuri urdinak.
Larunbatean, berriz, Realaren emakumezkoen taldeak Euskal Herria Kopa altxatu zuen Athletici 3 eta 0 irabazita. Maddi Torrek, Nahikari Garciak eta Leire Bañosek egin zituzten golak. Liga hasteko gutxiago falta da eta erritmo onean iritsiko direla erakutsi dute.
Arraunean, gizonezkoen eta emakumezkoen denboraldia azken txanpan sartu da. Euskotren liga pasa den asteburuan bukatu zen, eta Orio da aurtengo txapelduna. Arraun Lagunakek bigarren bukatu du eta hirugarren Donostiarrak. Orain Kontxako estropadari begira daude emakumezkoen ontziak.
Gizonezkoetan, Galiziako uretan aritu dira traineruak asteburuan. Larunbatean, Donostiarra laugarren izan zen Bueun bigarren txandan onenak izanda –Santurtzik eskuratu zuen bandera–, eta igandean, seigarren postuan sailkatu ziren Boiron –Oriok irabazi zuen estropada–. Sailkapen nagusian seigarren tokian dago Donostiarra 147 punturekin. Ligak etena izango du orain, Kontxako estropadaren unea iritsi delako. Ostegunean izango da sailkatze estropada, eta datozen bi igandeetan –irailak 1 eta 8– jokatuko da.
KAE 1 ligan, Donostiarraren bigarren taldeak ez zuen lortu garaipena errepikatzea Bilboko uretan. Larunbateko estropadan hirugarren bukatu zuten. Aldiz, abuztuaren 18an Pedreñako bandera irabazi zuen Donostiako traineruak.
Softbolean, Donostiako Atletiko Europako txapelketa irabazi zuen larunbatean, finalean The Mix taldeari 10 eta 0 irabazita. Eskubaloian, berriz, Bera Bera taldeak XXV. Egiako txapelketa irabazi zuen larunbatean Gijoni estu irabazita (24 eta 23).
FUTBOLA
Espainiako Liga, 2. jardunaldia
- Mallorca 0 – Reala 1
Euskal Herria Kopa
- Reala 3 – Athletic 0
SOFTBOLA
Europako txapelketa
- Donostiako Atletiko 10 – The Mix 0
ESKUBALOIA
XXV. Egiako txapelketa
- Bera Bera 24 – Gijon 23