Giltzak jasotzeko deiaren zain daude
Txomiñenean kartzelaren ondoan dauden etxebizitzen jabeak izango direnek bizi duten egoera salatu dute. Amenabarri eta udalari ados jartzeko eskatu diete.
Amenabar eraikuntza enpresaren zain daude 153 familia. Txomiñeneko auzo berriaren 300.3 partzelan, kartzelaren ondoan, etxebizitzak erosi dituzte, eta dagoeneko bukatuta dauden arren, ez diete sartzeko baimena eman. Ekainaren bukaerarako izan behar zituzten etxebizitzen giltzak, baina oraindik Amenabarren deiaren zain daude. Duela bi aste protesta egin zuten eraikuntza enpresak Askatasunaren hiribidean duen egoitzaren aurrean.
«Ekainaren 5an Amenabarrek bilera batera deitu zigun, etxebizitzen eskriturak berehalakoak izango zirela ziurtatuz. Badakigu Amenabar legezko entrega-epearen barruan dagoela. Hala ere, uste dugu arduragabekeria hutsa dela data batzuk ziurtatzea, oraindik ere emandako hitza bete ez dela ikusirik», azaldu dute. Bizi duten egoerak ondorio pertsonal eta familiar larriak sortu dituela gaineratu dute: «Etorkizuneko bizilagun asko, Amenabarrekin izandako bileraren ondorioz, une horretan zuten etxebizitzekiko kontratuak amaitutzat eman zituzten. Familia batzuk etxerik gabe geratu dira, hainbat senideren artean banatu behar izan dutelarik; beste batzuek lortu dute jabeekin alokairua berritzea, baina, kasu batzuetan, %50eko igoera jasanez». Hori gutxi balitz, hainbatek erositako altzariak dendetatik jaso ezinda geratu dira, eta oporrak bertan behera utzi dituzte.
Atzerapenaren inguruko informaziorik ez diete helarazi, eta euren kabuz lortu zuten jakitea eskrituratze prozesua hasteko arazoa zein den: «Amenabar eta udala ez dira ados jarri abalaren iraupenaren inguruan». Hain zuzen ere, Amenabarrek ez du etxebizitzak emateko baimenik, oraindik ingurua urbanizatzeko lanak ez dituelako egin, eta hori egingo duela bermatzeko udalari abal bat bat ordaindu behar diolako lehendabizi.
Udalak pausoa eman du
Aste honetan, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia kaltetuetako batekin jarri zen harremanetan abalaren afera egun gutxi barru konponduko dela esateko. Hemendik aurrera, Amenabarrek abalaren dokumentua aurkeztu behar du udaletxean. Une horretan, udalak baimena emango dio eraikuntza enpresari etxebizitzen eskriturak prestatzeko.
Orain arteko atzerapenak ikusita, udalak esandakoa betetzea nahi dute, eta batez ere, Amenabarrek prozesua ahalik eta azkarren egitea etxebizitzen giltzak lortzeko. Izan ere, 300.3 partzelako etxebizitzetako bizilagunak dira gertatu den desadostasunaren kaltetu nagusiak. Horrela, ohartarazi dute prest daudela epaitegira jotzeko, entrega epeak ez dituztelako bete, eta sortutako kalte ordainengatik.
Duela bi urte sinatu zituzten etxebizitza eskuratzeko aurreneko kontratuak, eta ordutik Amenabarrek ez ditu hitz emandako epeak bete. Ekaina bukaerarako eskuratu behar zituzten giltzak, eta ondo bidean, iraila eta azaroa bitartean jasoko dituzte. Bitartean, etxebizitzen inguruak urbanizatu gabe jarraitzen du.