Aintzieta pasealeku berritua datorren astean irekiko dute
Txomiñeneko Aintzieta pasealekuaren maila igotzeko egiten ari diren lanak aurki bukatuko dituzte. Donostiako Udalak dio datorren astean irekiko dutela bide berritua eguraldiak asfaltatzen laguntzen badu. 1,1 milioi euroko kostua izango du obrak, eta 11.226 m3 betegarri jarri dute, San Bartolome muinoan egiten ari diren obretako lurrak baliatuz.
“Bi hilabetez obretan egon ondoren, bukatzear daude lanak, eta laster pasatu ahal izango dira ibilgailuak Loiola eta Martutene lotzen dituen errepide horretatik. Obra epe barruan egin da, eta espero dugu euririk ez egitea, lanak bukatu ahal izateko”, azaldu du Marisol Garmendia Gune Publikoetako eta Hiriko Proiektuetako zinegotzi ordezkariak.
Lanen helburua da pasealekuaren maila Txomiñenea auzo berrikoarekin berdintzea. “Zuhaitzen banda berde bat ere jarriko da, 2,5 metroko zabalerakoa, bidegorri eta espaloi berriak Aintzietako bideko trafikotik babesteko”, esan du Garmendiak. Horrez gain, Adifen geltokiko arrapalak eta eskailerak egokitu egingo dira. Horri dagokionez, Garmendiak adierazi du, nahiz eta bidea ireki, lan horiek egiten jarraituko dutela, bai eta espaloi berriak egiten eta inguruaren berrurbanizazioa bukatzen ere