Txurdin izeneko maskota aurkeztu du Realak
Taldearen neurketetan eta ekitaldietan egongo da, eta larunbateko 110. urteurren festan agertuko da lehen aldiz.
Azken orduko fitxaketa iragarri du Realak: Txurdin maskota. RS Comic lineako ezkutuan dago oinarritua, eta Marrazketabarrek egindako karikaturarekin osatu dute. “Begirada bihurria du eta une dibertigarri ugariak espero ditugu”, azaldu du Realak. Lekarozko RS Udalekuetan aukeratu zuten izena, 156 neska-mutilek bozkaren bidez.
Txurdin sortzeko helburuaren berri eman du klubak: “Txuri-urdin familia entretenitzea eta irribarrea eragitea, gurea balioak eta izaera transmitituz. Ekitaldi sozialak, partidetako giro beroa, familientzako harmaila berria…, hainbat izan dira fitxaketa hau bultzatu duten arrazoiak. Ikusle gazteenekin, eta ziur aski ez hain gazteekin, bat egiteko elementu bat gehiago”.
Urteurrenean estreinaldia
Realaren neurketetan eta ekitaldietan izango da Txurdin maskota, eta larunbat arratsaldean Saguesen egingo duten 110. urteurren festan agertuko da lehen aldiz. Anoetako partidetan ez ezik, neskek Zubietan jokatzen dituzten neurketetan ere egongo da maskota.

