Aste Nagusiko Su Artifizialen Argazki Lehiaketako sariak banatu dituzte
Urteroko legez, Donostiako Aste Nagusiko Su Artifizialen Argazki Lehiaketa egin zuten joan den abuztuan, eta hiru argazki onenak aurkeztu dituzte gaur. Lehenengo saria Arantxa Kortajarena Kortajarenak irabazi du Fuegos entrelazados argazkiarekin, eta asteburu honetako Donostia Festibalerako abonamendu bikoitz bat eskuratu du, hurrengo urteko Aste Nagusiko Su Artifizialen Lehiaketako karteleko irudia izateaz gain.
Bigarren saria, aldiz, Cristina Barros Rodriguezek irabazi du El destello argazkiarekin, eta bi pertsonentzako afari bat lortu du. Azkenik, hirugarren saria Pilar Aguayok lortu du El espectador argazkiarekin, eta La Perla bainuetxeko talasoterapia zirkuiturako bi abonamendu eskuratu ditu. Donostia Kulturak azaldu duenez, 119 argazki aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketan, eta Gipuzkoako Argazkilarien Elkarteak aztertu eta balioztatu ditu guztiak.