Ezohiko programazioa izango du 67. Donostiako Zinemaldiak
Dagoeneko kontsultatu daiteke 67. Donostiako Zinemaldiaren programazioa eta ezohikoa izango dela azpimarratu dute. Izan ere, zazpi orduko filmak, telesailak osorik eta opera txinatarrak ikusi ahalko dira, besteak beste.
Telesailei dagokienez, Leticia Doleraren Vida perfecta saritua ikusi ahal izango da Zinemaldian. Publikoarentzako emanaldia Belodromoan izango da, hilaren 22an, igandean, 17:00etan, eta protagonistak bertan izango dira. Zortzi kapituluak emango dira (240 minutu), eta erdian 15 minutuko atsedenaldia egingo da.
Bestalde, Justin Webster zinemagileak garatutako El fiscal, la presidenta y el espia telesaila estreinatuko dute. Hilaren 23an, astelehenean, 16:00etan, telesailaren sei kapituluak emango dira (360 minutu), 20 minutuko atsedenaldi batekin. Hilaren 24an eta 25ean, beste saio bat egingo da, baina emanaldia bitan banatuko da: asteartean (hilak 24), lehen hiru kapituluak emango dira (180 minutu) eta asteazkenean (hilak 25), beste hirurak (180 minutu). Sarrera berak bi saioetarako balioko du.
450 minutu dituen Bela Tarr zuzendariaren Satantango filma ere emango dute Zinemaldian. Bi atsedenaldi izango ditu, bakoitza 15 minutukoa. Klasikoak sailean emango da, Tabakalerako 1. aretoan, hilaren 28an (larunbata), 16:00etan.
Lehen aldiz, opera txinatarraren ziklo bat egingo da. Asteazkenetik larunbatera (hilaren 25etik 28ra), bost opera-pieza ospetsu emango dira: The Legend of White Snake, The Bell Tolls for a Dinasty, The Woman of the Mountain, Romance of the West Chamber eta Cao Cao and Yang Xiu.
Jakin gabe erosi
Aurten, sarrerak erosi ahalko dira zein filmetarako diren jakin gabe. Esaterako, larunbat arratsaldeko saioetarako (hilak 28), non sari hauek irabazitako filmak emango diren: Donostia Hiria publikoaren saria (16:00etan, Kursaal 2 aretoan), Euskal Zinemaren Irizar saria (17:00etan, Antzoki Zaharrean), TCM Gazteriaren saria (19:00etan, Kursaal 2 aretoan), Zabaltegi-Tabakalera saria (20:00etan, Antzoki Zaharrean), Kutxabank-Zuzendari Berriak saria (22:00etan, Kursaal 2 aretoan) eta film onenaren Urrezko Maskorra (23:00etan, Antzoki Zaharrean).
Horiez gain, ezagutzera emango ez duten film bat egongo da; hala, bada, zein film den jakin gabe erosi beharko dira sarrerak. Viktoria Eugenia antzokian emango dute, 18:00etan (aurretik, 12:30ean, Antzoki Zaharrean, akreditatuentzako emanaldi bat egongo da).