Alokairu sozialeko etxebizitzetarako sarbidea errazteko eskatu du EH Bilduk
EH Bildu udal taldeak ohartarazi du babesturiko alokairuzko etxebizitzak eskuratu ahal izateko atzerapenak daudela. Batez ere, baremazio irizpideen ezarpenean. Donostiak duen etxebizitzen arazoa areagotzen duela azpimarratu du Ricardo Burutaran zinegotziak.
“Etxebizitza Legea 2015ean onartu arren, udalak lau urte behar izan zituen lege berriak agintzen zituen baremazio irizpideak ezartzeko. Izan ere, oposizioaren presioaren eraginez, pasa den legealdiaren azken minutuan onartu ziren baremazioa egiteko irizpideak. Baina legealdi berria bide berdinetik doa eta onartu zirenetik lau hilabete igaro ondoren irizpideak ezarri gabe jarraitzen du Eneko Goiak”, azaldu du Burutaranek.
Egoera horren aurrean, milaka donostiar alokairuzko etxebizitza sozial bat eskuratu ezinik daudela dio EH Bilduk. “Dagoeneko funtzionamenduan dauden etxebizitzak ata apartamenduak libre geratzen direnean, oso zaharkitua geratu diren zerrenden arabera okupatzen dira. Izan ere, azken urteotan alokairuzko etxebizitza bat eskuratzeko izena eman duten donostiarrek ez daude, gaur gaurkoz, inongo itxaron zerrendetan”.
Etxebizitza berriei dagokionez, Burutaranek gogoratu du Txomiñenean Etxegintzaren bidez eraiki diren alokairu sozialeko 162 etxe berriak baremazioaren arabera banatu behar dira. “Nahiz eta etxebizitzak ia-ia bukatuak egon (dagoeneko ez badaude bukatuta), 2-3 hilabetez luzatuko den banaketa prozesua hasi gabe dago”.
Udal gobernuak azalpenak emateko ekimen bat erregistratu du EH Bilduk, datorren asteleheneko batzordean jorratuko dena. “Zehazki, atzerapenaren arrazoiengatik galdetuko diogu Nekane Arzallus hirigintza zinegotziari, baita alokairu sozialeko zerrendetan izena emateko prozesua desblokeatzeko hartu behar dituzten neurriei buruz ere. Era berean, Txomiñeneko 162 etxebizitzak donostiarren eskura uzteko aldez aurretik zehaztutako epea ea errespetatzen ari den ere jakin nahi dugu”, adierazi du Burutaranek.