"Bretxaren azoka izaera berreskuratu nahi dugu"
Noizko aurreikusten du udalak Bretxa berritua inauguratzea?
Bretxako obra zatika egingo da, eta aurreikusten dugu fase guztiak 2021eko udara baino lehen bukatzea.
Zein da proiektuaren aurrekontu osoa?
Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuen Bretxako plan berezia, eta 27.124.100 euroko aurrekontua aurreikusten da.
Bretxa Merkatuan McDonalds eta Forum saltokiek hartu duten protagonismoak zeresana eman du auzotarren artean. Bi marka horien presentziak Bretxaren izaera zeharo aldatzen duela uste duzue?
Ez dugu uste bi marka horien presentziak Bretxako merkatuaren izaera aldatzen duenik, lehen ere bertan zeuden markak baitira. Merkatu izaera aldatuko duena da merkatu tradizionalak hartuko duen protagonismoa, azpian eta ezkutuan egotetik, Arrandegiaren eraikuntza kaleko plantara pasatzen denean. Eraikin honetan anbulatorio berri bat eta kirol instalazio bat egongo dira. Plazan, tupperware delakoa desagertuko da eta baserritarren gune berri bat eraikiko da garai bateko lekura eramanaz.
Baserritarrak ez daude gustura etorkizuneko kokapenarekin. Saiatu zarete eurekin adostasun batera iristen?
Baserritarrak historikoki egondako lekura eramateko proiektua daukagu. Hau da, plazara. Bretxaren azoka izaera berreskuratu nahi dugu. Baserritarren ordezkapen batekin eta Behemendi elkartearekin sarritan elkartu gara, eta beraiekin adostu ditugu kokapen berriaren ezaugarri teknikoak.
Proiektuan aurreikusten da baserritarren postuentzako egitura bat sortzea. Nolakoa izango den argitzerik dago?
Egitura horren ezaugarriak publikoki oso ezagunak dira infografia asko argitaratu direlako. Labur esanda, kristalezko estalpe bat izango da, itxi eta ireki ahal izango dena, mahaiak zoruan sartuta egongo dira, eta postu bakoitzak bere zerbitzurako armairu bat izango du.
Tupperware delakoa kentzeak zer ekarriko dio plazari?
Espazio publikoa zabaldu egingo da.
Plaza azpian dauden merkatarien postuak Arrandegi eraikineko 0 solairura eramango dira, kopurua gutxituta. Plaza azpian zer da geratuko dena?
Plaza azpian Lidl supermerkatua geratuko da, eta handitu egingo da.
Beraz, plazako lanak bukatzean supermerkatuak eremu bikoitza hartuko du?
Gutxi gorabehera, bai.
Arrandegi eraikinean, hiru mailatan banatuta, hainbat jarduera aurreikusten dira. Proiektuak jasotzen duenez, 950 metro koadroko eremua hartuko du Fundazioa izeneko erabilera anitzeko gela batek. Gastronomia jarduerarekin du lotura?
Bai, gastronomia jarduerarekin du lotura, eta bertako produktua sustatzeko erabiliko den eremua izango da.
Udalak zein helburu bete nahi ditu Bretxa berrituarekin?
Asko dira helburuak. Bretxako eraikuntzak eta plaza berritzea, espazio publikoa handitzea eta oinezkoentzako eremuak handitzea. Arrandegi eraikinari dagokionez, azoka tradizionalari protagonismo argia eman nahi zaio, kaleko plantan kokatuta. Era berean, zerbitzu publikoak ezarriko dira, anbulatorioa eta kirol zerbitzuak. Horrez gain, Bretxa merkatuaren irisgarritasuna erraztu nahi da, Aldamar eta San Joan kaleetan sarrerak eta irteerak eraikiz.