Sekula itxi gabeko arrakala
Laster 150 urte beteko dira Bretxa eremuan lehen merkatua eraiki zutenetik. Ordutik, hamaika eraldaketa izan ditu, hamabi eskutatik pasa da bere kudeaketa, eta udalak beste hainbat plan onartu ditu, Bretxaren erabilgarritasuna bermatu nahian. Gaur egun, birmodelatze lanetan murgilduta dago eremua. Oraingoa, behin betiko formula izango ote?
Azoka hitzak baditu hainbat adiera. Ondasunak erakusteko eta salerosteko lekua izan daiteke, baita jarduera horiei lotutako aisialdiko beste edozein egitasmo egiteko asmoz biltzen den jendea ere. Gainera, ekintza horiek egiten diren guneari ere azoka esaten diogu. Gurean, hiru merkatu daude martxan gaur egun, San Martin Erdialdean, Bretxa Parte Zaharrean, eta Grosekoa, besteak baino kokaleku ezkutuagoan azken hori. Hirurek izan dituzte aldaketak eraiki zituztenetik, eta gaur egun Bretxa da birmoldaketa lanetan murgilduta dagoena.
Jakina da Bretxa izenak hiriaren historian duela oinarria: 1719an, Berwick dukearen tropek hiria eraso zuten, eta Frantziako armadak bi arrakala handi egin zituen orduan hiria babesten zuen harresian. 1813ko abuztuaren 31n, tropa anglo-portugaldarrek hiria bereganatu zuten, eta gune berean zulo bat eginez lortu zuten hirian sartzea. 1871. urtean sortu zen merkatua Bretxa izeneko eremuan, eta zutik daramatzan bi mendeetan hiriaren eraldaketaren testigu izan da: gotorleku militarra izatetik, nazioarteko helmuga turistiko bilakatu arte. Bretxak, hiriak bezala, sarritan aldatu du bere itxura eta esentzia, eta gaur egun zaila da azoka hitzaren funtsezko adierari hertsiki heltzea.
Hamaika eskutatik igaro da Bretxaren kudeaketa, eta Donostiako Udalak plan bat baino gehiago onartu ditu, Bretxaren errentagarritasuna bermatu eta dagokion funtzio soziala betetzeko, baina bere gain madarikazio bat izango balu bezala, oraindik ez dute aurkitu hiriko arrakala estaltzeko modua.
Orain, 2019an, hiriko plaza historikoa buru-belarri dago sartuta enegarren birmoldaketa fasean, eta honek, Arkoak eta Arrandegi eraikinetan, eta San Joan, Iñigo zein Aldamar kaleetan eragina izango du. Lanen lehen emaitza ikus dezake Bretxa albotik pasatzen denak, eta herritar askoren artean zeresana eman du Arkoak eraikinaren aurrealde berriak. Birmodelatze lanek luze joko duten arren, lehen pista horrek, proiektuaren esentzia berria iradokitzen du. Bulebarrera ematen duen fatxadan beirate handiak ireki dituzte, eta espazio nabarmena hartu dute McDonalds eta Forum saltoki handiek.
Bretxaren birmoldaketa berriak Parte Zaharreko eremu historikoari ez ezik, han lana egiten dutenei eta auzotarrei modu zuzenean eragingo die. Haietako batzuekin hitz egin dugu.
Paradigma aldaketa
Bretxa eremua hiru elementuk osatzen dute egun: Arkoak eraikinak, Arrandegia eraikinak eta Bretxa plazak. Birmoldaketa planak agerian utzi duen lehen emaitza da Arkoak eraikineko aurrealdea, eta «Donostia hartzen ari den itxuraren isla» dela dio Mikel Irizarrek, Lizardi loreak-eko arduradunak. Irizarrek hogei bat urte daramatza loreen salmentarako postua jartzen, eta aurretik, bere enpresaren sortzaileak ere aritu ziren horretan Parte Zaharreko merkatuan. «Lehengo salmenten erdigunean zeuden gaur egun zero kilometroko produktuak esaten zaienak, baina, orain, egiten ari direna kontrakoa da: merkatua masifikatzen ari dira eta enpresa handiak hartzen ari dira espazio gehiena», atsekabetu da Irizar.
Rosi Ormazabalek ere hamarkada batzuk daramatza bere produktuak Bretxan saltzen, eta bere ustez, oraingoan ere, «betikoa» gertatu da: eskaintza hoberena egin duenari egokitu zaio zati hoberena, «diru gehien eman duenari», hain zuzen. Saltoki handien aldeko apustua ekintzetan ikusten da Ormazabalen ustez, eta nabarmendu du McDonalds eta Forum irekitzeko lanekin oso azkar mugitu direla. «Guk, aldiz, ez dakigu noiz izango dugun aukera karpetatik gure kokaleku berrira aldatzeko», gaineratu du.
Bretxak izan duen eraldaketa eta martxan dagoen plana «testuinguru global batean» kokatu behar direla uste du Xabier Arberasek, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak. Honela azaldu du: «Nazioarteko testuinguru neoliberalaren eraginak segituan iritsi dira hona, eta Donostiaren eta Parte Zaharraren bilakaera hor kokatu behar dugu». Era berean, baieztatu du Bretxa azokaren eredu eraldaketak lotura zuzena duela egungo udal gobernuak eta hori osatzen duten alderdi politikoak sustatzen ari diren hiri ereduarekin: «Sinbolikoki, Bretxa ikono batean bihurtzen ari da: hiriaren merkantilizazioaren paradigmaren seinale da».
Joera hori, ordea, ez da berria. Xalbador Agirrek txikitatik ezagutzen du Bretxa, eta bere ustez, duela hogei urte kokatu behar da merkatuaren ereduaren eraldaketaren mugarria. «Askotan entzun dut bat-batean ireki dutela McDonalds-a, baina horrek hor daramatza hogei urte. Orain bere presentzia nabarmendu egin da». Agirrek harategia dauka Bretxaren beheko solairuan, hark hartu baitzuen aitona-amonen eta gurasoen erreleboa; gainera, Bretxako Erabiltzaileen Elkarteko presidentea da. Gogora ekarri du birmoldaketaren aurretik Arkoak eraikinera sartzeko aukera zegoela, Forumetik pasa gabe, eta bazegoela «agora moduko bat» denek erabili ahal izateko. «Orain, espazio osoa pribatizatu egin dute, eta enpresa horiek harrapari batzuk dira. Hala ere, promotoreak hasieratik utzi zuen argi espazio pribatu gehiago egongo zirela publikoak baino; ez dut uste inor engainatu dutenik», argitu du.
Irizarrek kontatu du Bretxan lanean daramatzan urteetan aldaketa ugari ikusi dituela, baina uste du ez dutela modu egokia topatu: «Aldaketak aldaketa, gure salmentek, behintzat, okerrera egin dute». Agirreren ustez «lastima da betiko negozioek atzeraka egitea, handi horiek aurreraka nabarmen doazen bitartean», baina promotoreen eta udalaren erabakiez gain, herritarrei ere egotzi die horren ardura. «Horrelakoak handitzen dira jendea hara joaten delako kontsumitzera, eta gakoetako bat da jendeak non egiten dituen erosketak», azaldu du.
Harakinaren ustez denon ardura da saltoki txikien biziraupena. Bere ardura ere onartu du Agirrek, eta gogora ekarri ditu duela hogei urte Bretxan izandako aldaketak: «Beheko solairura mugitu ginenean, denok onartu genuen Lidl-aren irekiera. Ez genuen aurreikusten zein izango zen ondorioa, eta uste genuen guretzat ere onuragarria izango zela».
Ormazabalek, aldiz, erakunde publikoengan jarri du fokua: «Betiko merkatuaren esentzia berreskuratu nahi dutela diote, baina tokiko saltokien alde daudela esan arren, gero ez da egia, ez dituztelako horretarako baldintza errealak jartzen».
Elkarrizketatutako hiru merkatariek azpimarratu dute gako bera: gaur egungo erosketa ohiturak asko aldatu dira, baina herritarrek saltoki txikietan erosteko helburua lortzeko, erraztasunak eman behar zaizkie. Irizarrek aukera gisa aipatu du erakunde publikoak gastronomiaren inguruan egiten ari diren sustapena: «Gastronomiari begira gure produktuek aukera asko ematen dituzte, eta ez du ulertzen horrelako leku batean McDonalds bat jartzea».
Ikusgarritasunaren aukerak
Udalak onartutako Bretxa eta ingurua berritzeko Plan Bereziak merkatuko erabiltzaile guztiengan izango du eragina. Lehen aldaketa nabarmena ikusi zen joan den martxoaren 19an: baserritarrak, San Joan kalea utzita, Bretxa plazako karpetara mugitu zituzten euren postuak, Arkoak eraikinaren birmodelatze lanen eraginez. Ormazabalek eta Irizarrek, aho batez kritikatu dituzte aldaketaren ondorioak. Azpimarragarriena: ikusgarritasuna. Biek esandakoaren arabera, San Joan kaleko kokapenak oso ikusgarri egiten zituen Bulebarretik igarotzen zen jendearen aurrean, eta horrek bezero asko erakartzen zituen. Halaber, beheko solairuko merkatarientzako ere amua ziren baserritarren postuak, bezero askoren joera baitzen postuetatik beheko azokara jaistea. «Nire ustez San Joan kaleko kokalekua oso ona zen beraientzat, baita guretzat ere, haien bitartez jendea barrura sartzen zelako», esan du Agirrek.
«Paradoxikoa da: nire postua zegoen leku berean, McDonaldsen ate berria ireki dute orain», adierazi du Irizarrek. Bere ustez, San Joan kaleko kokalekua Donostian egiten den tokiko produktuen aldeko apustuaren erakuslea zen. «Denek ikusten zuten merkatu izaera hori, eta orain bazter txiki batean sartuko gaituzte baserritarrak», adierazi du. Gainera, Bretxaren historian atzera eginez, baieztatu du baserritarrek urte hoberenak eman zituztela San Joan kaleko kokalekuan, eta Bretxa plaza erdian postuak zituztenean: «Plazaren erdian geundenean, sortzen zen irudia oso polita zen».
Kokaleku berriari dagokionez [Arkoak eraikinaren atzealdean egongo dira], ezer gutxi dakitela onartu dute baserritarrak eta lore saltzaileak. «Guk ez dakigu asko, eta iritsi zaigun informazioa ez da oso argia», kritikatu du Irizarrek. Ikusgarritasunaren arazoaz gain, hotzaren beldur ere badira postuetakoak: «Iparraldera ematen du, eta ez du ia eguzkiak ematen. Gainera, Aldamar kaletik eta Etxague jeneralaren kaletik sekulako korronteak sartzen dira». Ez dakite postuen estaldura nolakoa izango den, baina horrek babestuko dituela espero dute.Arkoak eraikinaren atzealdean eraikiko duten kristalezko estalpea izango da baserritarren kokapena, eta lerro berean birkokatuko dituzte tupperware delakoan dauden bi saltokiak. Horren ondorioz, beraiei espazio txikia geldituko zaiela uste du Ormazabalek.
Azoka: herritarren topagune
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak eta hainbat auzotar etengabe ari dira erabilera publikorako espazioak aldarrikatzen. Iaz, aurrekontu parte-hartzaileen prozesu bat martxan jarri zuen udalak, eta auzo elkarteak Bretxa plaza herritarrentzat berreskuratzeko proposamen bat aurkeztu zuen. Arberasek azaldu du proiektua ez zela aurrera atera. Hala ere, birmodelatzearen plan berezian aurreikusita dagoenez, plaza «espazio ireki» gisa geldituko da. Agirrek espero du udalak bere promesa beteko duela, eta plaza libre utziko duela, auzotarren erabilerarako: «Herriko plaza izan beharko luke, gaur egun, Parte Zaharrean ez daukagulako horrelakorik».
Era berean, Arrandegia eraikinean auzotarren beharrak asebeteko dituzten bi ekipamendu eraikiko dituzte: anbulatorioa eta kirol-instalazioak. Arberasek aitortu du auzo elkarteak balorazio «gazi-gozoa» egin duela horren inguruan. «Lan asko egin ondoren anbulatorio berria egitea lortu dugu, baina ez dugu lortu Arrandegia auzoarentzat berreskuratzea», atsekabetu da Arberas. Parte Zaharrekoaren ustez, auzotarren interesak beti bigarren lerroan gelditzen dira, eta udalaren estrategiaren barruan dago Bretxa osatzen duten espazioen gehiengoa erabilera komertzialerako uztea. «Hainbeste metro karratu dituen ondarea goxoki bat da, eta beraientzat pentsaezina da guzti hori auzotarrentzat uztea», gaineratu du.
Hain zuzen, ekipamendu publikoek espazioa partekatuko dute merkatariekin, 0 solairuan izango baitituzte dendak. Egun 40 merkatari inguruk du postua Bretxaren azpiko solairuan, baina kokapen berrirako bidean, hainbat denda galduko ditu azokak. Agirrek jakinarazi duenez, promotoreak erraztasunak eman dizkie joan nahi izan dutenei. Hain zuzen, diru kopuru baten truke hainbat merkatari beste toki batzuetara mugitu dira, eta, ondorioz, 30 bat merkatarik beteko dute Arrandegiko 0 solairua. Dendarientzat aukera ona izan daitekeela uste du Agirrek, izan ere, lurraren arrasean egoteak, eskuragarriago jartzen ditu euren saltokiak.
Espazioari dagokionez, postu batzuek metro karratu gutxiago izango dituztela azaldu du merkatariak, eta horregatik, eztabaidak dituzte promotorearekin. Agirrek atzera egin, eta bere oroitzapenak ekarri ditu gogora: «Nire gurasoen garaian, gure dendak Arkoak eraikinean zeudenean, 70 bat saltzaile izango ziren, eta gero eta txikiagoa da kopurua». Hori azaltzeko, Bretxaren arduradunak sustatzen ari diren ereduaz gain, beste argudio bat ere badu Agirrek: errelebo falta. «Gaur egun negozioak ez dira horren emankorrak, eta lan handia eskatzen dute. Jendea ez dago horretarako prest», gaineratu du.
Donostiako Udalak iragarri du 2021eko udara baino lehen amaituko dituztela Bretxaren birmoldatze lanak. Erabiltzaileek ez dakite nolakoa izango den euren etorkizuna behin lanak amaituta, eta izango duten kokapen berriek euren jardunean izango duen eragina ikusteko esperoan daude. Agirrek, argi dauka: «1991. urtean hartu nuen nik familiaren negozioaren erreleboa, eta, ordutik, nire aitzindarien lana egiteko modua mantendu dut. Aldaketak aldaketa, gure lanarekin jarraitu behar dugu, eta gure saltokiak mantendu behar ditugu». Etorkizunak esango du hiriko arrakala ixteko gakoa aurkitu duten, ala zuloak irekita jarraituko duen. Asmatuko al dute oraingoan?