Donostiak Europako Saria jasoko du bihar, “hiriak Europarekin duen konpromisoa eta inplikazioagatik”
Donostiak 2019ko Europako Saria jasoko du ostegunean, Gipuzkoako hiriburura bidaiatuko duen Europako Kontseiluaren ordezkaritza baten eskutik. Udalak azaldu duenez, Europaren eraikuntzaren balioak hedatzeagatik hiriak egindako ekarpena aitortuko du sariak, “Donostiak Europarekin duen konpromisoa eta inplikazioa” azpimarratuz.
Ordezkaritzak hiriburuan egingo duten bi eguneko bisitari begira, jarduerez beteriko egitaraua prestatu dute udaletik. Ekitaldi nagusia ostegunean egingo dute. Egun horretan, haur, gazte eta helduez osatutako danborrada baten danbor-arradek hiriko hainbat kale zeharkatuko dituzte. Danborradak Alderdi Ederren amaituko du bere ibilbidea eta bertan ordezkaritzari harrera egingo zaio. 19:00etan sariaren banaketa-ekitaldia egingo dute udalbatza aretoan, hainbat herrialdeetako parlamentarien presentziarekin. Guztira, hainbat erakunde eta kolektibotako ehun ordezkari baino gehiagok hartuko dute parte ekitaldian.
Eneko Goia alkateak Kęstutis Masiulis Europako Sariaren Azpibatzordeko lehendakariordearen eta Parlamentu Biltzarreko lehendakariordea den Joseph O’Reilly jaunaren eskutik jasoko du saria.