Elkarretaratzea egin dute, Porrontxoetan izandako eraso bat salatzeko
Porrontxoetako jaietako kuadrillen batzarrak elkarretaratzea egin du gaur arratsaldean Plaza Haundin. Jai batzordeak azaldu duenez, jaietako ostegunean gertatutako “eraso” baten berri izan dute. Azaldu dutenaren arabera, udaltzainek gazte bat identifikatu eta miatu zuten, “horretarako inolako arrazoirik eman gabe”. Gainera, udaltzainen jarrera “oso erasokorra” izan zen eta gaztea “erabat zapuztuta” utzi zutela salatu dute.
Azaldu dutenez, eraso sexisten aurkako protokoloaz arduratu den jaietako brigada feministak laguntza eskaini zion gazteari, nahiz eta ez zen eraso sexista bat izan. “Indar polizialen partetik gazteen aurkako eraso argi bat” izan zela nabarmendu du jai batzordeak, eta gazteari babesa helarazteko egin dute elkarretaratzea. Gainera, kuadrillen batzarra osatzen duten kideek manifestu bat idatzi dute, gertakaria salatu, eta Donostiako Udalari eta Eneko Goiari azalpenak eskatzeko. “Gertaera honek ezin du bere horretan geratu, ezin da inolaz ere onartu”, adierazi dute.
Amaitzeko, honakoa aldarrikatu dute: “Gure babes osoa helarazi nahi diogu erasota izan den gazteari, eta ozen aldarrikatu nahi dugu ez dugula poliziaren jazarpenik onartuko, ez gure auzoan, ez inon”.