Mojo Workin jaialdiko kartela aurkeztu dute
Datorren urteko martxoaren 12tik 15era egingo dute Donostiako Mojo Workin jaialdia, baina dagoeneko aurkeztu dute Gazteszena aretoan joko dute artisten kartela. Jaialdiko kontzertu indartsuenak ostiralean eta larunbatean izaten dira, eta Carolyn Crawford, Sidney Barnes, Chris Clark eta Ruby Andrews artistak izango dira aurten arituko direnak, denak tokiko musikariez osatutako The Individuals taldeak lagunduta. Osteguneko eta igandeko emanaldiak, eta kontzertuen ondoren arituko diren DJ-ak oraindik ez dituzte jakinarazi, baina laster emango dute informazio gehiago, baita sarrerak salgai jarri ere.
Hamaika urte beteko ditu 2020an Mojo Workin jaialdiak, eta, urteroko legez, rhythm & blues eta soul musikak izango dira nagusi. Jaialdian ohikoa denez, aipatu artista guztiak 1960ko eta 1970eko hamarkadan egon ziren aktiboan bereziki, Amerikako Estatu Batuetako musika beltzaren urrezko aroan, hain justu. Carolyn Crawford, Chris Clark eta Sidney Barnes Motown diskoetxean lanean ibili ziren garai hartan, azken hori Chess diskoetxean ere aritu zelarik. Ruby Andrews, ordea, Zodiac diskoetxean aritu zen lanean.