Porrontxo jaietan udaltzainek gazte bat erasotu zutela salatu dute, eta elkarretaratzea egingo dute
Porrontxoetako jai batzordeak sare sozialetan azaldu duenez, jaietako ostegunean gertatutako “eraso” baten berri izan dute. Jai batzordearen arabera, “gazte bat udaltzainengandik identifikatua eta arakatua izan zen, horretarako inolako arrazoirik eman gabe”. Gainera, udaltzainen jarrera “oso erasokorra” izan zen eta gaztea “erabat zapuztuta” utzi zutela salatu du jai batzordeak.
Azaldu dutenez, eraso sexisten aurkako protokoloaz arduratu den jaietako brigada feministak laguntza eskaini zion gazteari, nahiz eta ez zen eraso sexista bat izan. “Indar polizialen partetik gazteen aurkako eraso argi bat” izan zela nabarmendu du jai batzordeak, eta gazteari babesa helarazteko elkarretaratzea egingo dute gaur Plaza Haundin, 19:00etan. Elkarretaratzean jaietako blusak jantzita eramateko deia luzatu diete auzotarrei.