Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko gazte epaimahaian parte hartzeko izena emateko epea ireki dute
Urriaren 26tik azaroaren 1era egingo dute aurtengo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta hamalaugarrenez gazte epaimahaia osatuko dute. 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute gazte epaimahaia, eta urriaren 11 arte eman daiteke izena Donostia Gazteriaren webgunean.
150 pertsona baino gehiagok emango balute izena, Donostian erroldatutakoek izango dute lehentasuna, eta, beharrezkoa izango balitz, zozketa bat egingo lukete urriaren 16an. Urriaren 22a baino lehen asistentzia konfirmatu ostean, urriaren 25eko 16:00etan elkartuko dira Antzoki Zaharrean epaimahaia osatzeko hautatutako gazteak, eta jaialdiko film labur guztiak ikusiko dituzte hiru ordu iraungo dituen saio batean. Ondoren, epaimahaiko kide bakoitzak bere botoa emango du, eta hortik aterako da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Sariaren irabazlea. Bestalde, bi epaimahaikide hautatuko dituzte saria emateko. Gainera, epaimahaikide guztiek jaialdiko emanaldietara joateko bi abonamendu eta katalogo ofiziala eskuratuko dituzte.