Ahobizarra kentzeko
Ines Arrue, Zinea.eus atariko langilea.
Atzera kontu betean da Donostiako Zinemaldia. Motorrak berotu dituzte hilabete luzez, eta mokadutxoa dastatzeko unea heldu zaigu orain hamaika txokotatik heldutako zinemazaleoi. Bada, ahora sartu baino lehen zuritu behar diren ganba bandeja lez, aletu dezagun 67. Zinemaldiaren menua.
Ezin beste modura izan, Zinemira sailean jarriko dut lehentasunezko fokua. Despistaturik bada, euskal zinemari eskainitako atala da hori. Mundu mailan estreinatzen diren, eta gutxieneko %20ko euskal ekoizpena duten, edo hizkuntza nagusi bezala euskara duten filmak batzen ditu, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian. Handik hautatuko dut nire lehen ezinbestekoa: Muga deitzen da pausoa, Maider Oleaga bilbotarraren dokumental fikzionatua. Inor ez delako hiltzen ahazten ez badugu. Elbira Zipitriarena kontatzea merezi duen emakume baten historia delako.
Nostalgiaren bidetik helduko diot bigarren gomendioari ere. Amona Kulixkaren ipuin bildumarekin hazi garenok erraz makurtuko gatzaio hiru olatuen kondairatik abiatuta Loic Legrand zinemagileak sortu duen filmari. Ipar Euskal Herritik, euskal film onenaren saria irabazteko hautagai da Hiru Uhinak proiektua.
Ataleko azkena, Helena Taberna altsasuarraren azken dokumentala: Varados. Atenasko eraikin okupatuetan eta errefuxiatu eremuetan bizirauten duten pertsonen egunerokoa islatuko du filmak, eta Zaporeak proiektuaren ekimenez heldu da zuzendariaren eskuetara. Gaia bai, testuingurua ere bai. Urriaren 4an helduko da zinema areto nagusietara, baina nik ez nuke ordura arte itxarongo.
Joera orokorraren aurka, Zabaltegi-Tabakalera izango da lupaz begiratuko dudan bigarren atala. Iaz 592 metroz goiti laburra aurkeztu ondoren, Urpean Lurra lan ertainarekin itzuliko da Maddi Barber Lakabearra. Itoizko urtegiaren eraginaz hausnartuko du, azal gogorrenak ere samurtuko dituen irudizko mezu batekin. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian liskar gehien sortu duen auzietako batean sakontzeko modu berri bat atondu du. Izibene Oñederrak, halaber, Lursaguak laburraren mundu estreinaldia aurkeztuko du, Helene Cixous-en hitzak oinarri hartuta marraztu duen animaziozko lan kontzeptual batekin.
Aitortu beharra dut Horizontes Latinos izan ohi dela nire atalik kuttunena. Ezin ukatu zinemagintza latinoamerikarrak une gozoa bizi duenik, eta, hain zuzen, ardura gaitza bilakatzen du horrek emanaldien hautua egitearena. De nuevo otra vez izango da nire apustu ziurra: Romina Paula aktore eta dramagileak zuzentzen duen lehenbiziko lana da, zuzendariak berak bete du protagonistaren rola, eta, fikzioa eta errealitatea nahasturik, familiari, amatasunari eta bizitzaren ekuatoreko krisi existentzialei buruz hausnartzera eramango gaitu. Besterik nahiko bazenute, ez galdu arrastoa Juan Solanas argentinarraren La ola verde filmari. 5.000 kilometrotik gorako bidaia baten kontakizunaren bitartez, biktimen lekukotasun ausartez, eta bidaia gogoangarri horretan funtsezko izan diren emakumeen testigantzen laguntzarekin, Argentinan abortua legeztatzeko bizi duten borroka garaia islatuko du.
New Directors saileko talentu berriei begira, paradoxikoki aspaldiko ezaguna dugun Maider Fernandez Iriarterekin egingo dugu topo. Hain zuzen, donostiarrak mimoz sortutako Las letras del Jordi film goxoarekin. Jordi duela 51 urte jaio zen, garuneko paralisiarekin. Ezin du hitz egin, baina taula bat erabiliz komunika daiteke. Modu horretan azalduko dio Maiderri 21 urte zituenean Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuela lehen aldiz. Denok gordetzen dugu «segurola» bat gure barnean. Maila altu edo baxuagoan, baina guztiok sentitu dugu inoiz arriskatzeko beldurrik. Zinemaldian badakite, eta Espainiako Estatuan estreinatu ez diren urteko film luze eta nabarmenenak arrantzatzen dituzte Perlak sailerako. Esan gabe doa atal honetako guztiak gomendatuko nituzkela, baina, ziur asko, egingo duten ibilbide arrakastatsua dela-eta, aukera zabala izango duzue aretoetan ikusteko. Bakarra aipatuko dut, beraz: Pablo Larrain zuzendariak reggaeton dantzari baten desio, min eta beldurren inguruan idatzitako Ema.
Azkenik, ezin zerrenda amaitu Sail Ofizialaren aipamenik egin gabe. Moriartitarrak izango ditugu aurten ere lehia nagusian, itxura bikaina duen La trinchera infinita filmarekin. Higiniok eta Rosak hilabete gutxi daramatzate ezkonduta, Gerra Zibila piztu eta, ondorioz, gizonaren bizitza arrisku larrian jartzen denean. Emaztearen laguntzaz, Higiniok etxean zulo bat egin eta denbora batez han ezkutatzea erabakiko du. 30 urte emango ditu lubaki horretan ezkutaturik.
Hauxe nire hamarrekoa. Zuena erabakia: kale edo bale.