Mikologiaz gozatzen ari dira Loiolan
XXI. Mikologia eta Gastronomia jardunaldiak martxan dira. Jarduerak irailaren 29ra arte luzatuko dira, eta aurten ere egitarau oparoa antolatu dute, besteak beste, hitzaldiak, ikastaroak eta dastaketak.
Onddo zaleek eta jatunek hitzordu bat dute egunotan Loiolan. Hain zuzen, XXI. Mikologia eta Gastronomia jardunaldiak hasi zituzten joan den astelehenean, irailaren 16an. 21 urte dira jardunaldiok egiten dituztela, eta Jon Urbieta Loiolako kultur etxeko zuzendariak nabarmendu du auzotarren eta auzoko eragile askoren lanaren emaitza direla: «Mikologia jardunaldiak aitzakia bat dira auzotarren topagune bat sortzeko, eta ederra da denek izaten duten inplikazioa». Hain zuzen, Loiolatarra Kirol Elkarteak antolatu ditu jardunaldiak, baina, besteak beste, Loiolako kultur etxea, Sustrai Aisialdi taldea, eta Laboral Kutxa izan ditu bidelagun.
Antolatzaileek jardunaldien aniztasuna nabarmendu dute aurten, izan ere, askotariko jarduerak programatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak eta dastaketak. Mikologiak eta gastronomiak protagonismoa izan arren, modu transbertsalean jarduera guztiak zeharkatzen dituzten balioei garrantzia eman diete antolatzaileek: naturarekiko errespetua, jasangarritasuna, euskararen erabilera, emakumeen presentzia gastronomian zein mikologian, eta abar. «Lehen urteetan gastronomiak pisu handia zuen jardunaldietan, baina gero eta txikiagoa da; beste gai asko sustatzen saiatzen gara», azaldu du Urbietak.
Egitarauan beste urteetako hainbat jarduera mantendu badituzte ere, berritasunak ere prestatu dituzte. Esaterako, Daniel Palacios adituaren presentziak ez du hutsik egin oraingoan ere. Joan den astelehenean hasita, zortzi egunez luzatuko dira Palaciosek gidatutako mikologia ikastaroak. Berrikuntzetako bat izango da irailaren 28an egingo duten tailerra: Perretxikoak eta artisau garagardoa. Manu Murillo garagardogilearekin, Mala Gissonaren garagardoa eta perretxikoak ezkontzeko aukera izango dute jardueran izena ematen dutenek.
Perretxiko jaia
Plater nagusia, baina, ostiralean, hilaren 29an, egingo duten Perretxiko jaia izango da, eta horrekin emango diote amaiera urtez urte auzoan errotutako egitasmoari. 10:30ean, erakusketa bat inauguratuko dute, jasotako eta sailkatutako perretxikoekin. Ondoren, 11:30ean, perretxiko-pintxoen dastaketa herrikoia, haurrentzako marrazki tailerrak eta haurrentzako tailerrak, eta astotxo-ibilaldia egingo dituzte. Goizean zehar, lehiaketen sari banaketak eta zozketak egingo dituzte, eta 14:30ean jardunaldien klausura egingo dute. Auzotarrak gonbidatuta daude, baita gainerako donostiarrak ere!