Tarantino gazte bat Zinemaldian
Duela 25 urte etorri zen estreinakoz Quentin Tarantino Donostiako Zinemaldira. 31 urte zituela, bere garai gorenean zegoen, ‘Pulp Fiction’ aurkeztera etorri baitzen, eta hainbat bitxikeria utzi zituen Zinemaldiaren historiarako.
Once Upon a Time in Hollywood filma egin berri badu ere, Quentin Tarantino ez da Donostian egongo aurtengo Zinemaldian. 2009an egon zen azken aldiz, Inglorious Bastards filmarekin. Lehen aldiz, ordea, 1994an egon zen, eta buruhauste bat baino gehiago eragin zizkien Zinemaldiko antolatzaileei.
1992an Reservoir Dogs bere lehen filmarekin kritikak jaso zituen erabiltzen zuen indarkeriagatik. Hala ere, 1994an indarkeria maila bereko Pulp Fiction filma aurkeztu zuen Cannesko Zinemaldian. Inork espero ez bazuen ere, sari nagusia irabazi zuen. Gainera, jaialdiaren formaltasunarekin hautsi zuen zinemagileak, ikusleen artean bere kontra zeuden batzuei erdiko hatza atera baitzien.
Horren ondoren heldu zen Tarantino Donostiara, bere filma Zabaltegi sailean aurkezteko. Ez zuen saririk irabazi, baina zinemagile estatubatuarrak bere arrastoa utzi zuen Donostian.
Alde batetik, Oliver Stone ere Zinemaldian egon zen urte hartan, eta Tarantino ez zegoen oso pozik berarekin. Izan ere, berak idatzitako gidoi bat erabili zuen Stonek Natural Born Killers filma egiteko, baina Tarantino ez zen pozik gelditu Stonen egokitzapenarekin, eta bere izena kredituetatik kentzeko eskatu zuen. Gauzak horrela, Zinemaldiak ahalegin handiak egin behar izan zituen bi zuzendariak Donostian gurutzatu ez zitezen.
Bestetik, hasieran Tarantinok ez zuen bere filmaren proiekziora joan nahi, nahiago baitzuen Christopher Lee eta Greta Scacchi aktoreekin gora eta behera ibili. Azken orduan, ordea, proiekziora joatea erabaki zuen, eta aretoan eserlekurik gelditzen ez zenez, lurrean eseri zen. Bere garaian Diego Galan Zinemaldiko zuzendari ohiak azaldu zuenez, bere filmaren kontura barrez eta txaloka aritu zen Tarantino, ikusleek entzuteko moduan.