'Creativium' argazki erakusketa dagoeneko ikusgai dago EHUn

Donostia International Physics Center-ek (DIPC) erakusketa bat antolatu du Passion for Knowledge jaialdiaren harira. Creativium da argazki erakusketaren izena eta urriaren 5era bitarte bisitatu daiteke EHUko Carlos Santamaria zentroan.
Sormen prozesuaren etapa desberdinak islatzen ditu, zientzialarien eguneroko jardunaren argazki artistikoen bidez. “Mito eta sinesmenetatik harago, egiaztatu nahi du sormen zientifikoa garatu, sustatu eta ikertu egin daitekeen prozesu bat dela”, azaldu dute.
Gustavo Ariel Schwartz ikertzaileak 2010etik DIPCn zuzentzen duen Mestizajes programako egitasmo berri bat da Creativium. Schwartz bera da erakusketaren komisarioa, Paula Arbide argazkilaria eta Kris Meraki diseinatzailea. Proiektua DIPCk antolatu eta finantzatu du, CSIC Fundazio Orokorraren laguntzarekin.
Argazki-erakusketaz harago, Creativium proiektua argazki-liburu bat eta webgune bat ere bada.