Merkataritza bultzatzeko diru-laguntzak emango ditu udalak Egian, Intxaurrondon, Altzan eta Mirakruz-Bidebietan

Donostiako Udaleko Sustapenak eta Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak jarri dute martxan hiriko ekialdeko auzoetako –Egia, Intxaurrondo, Altza eta Mirakruz-Bidebieta– merkataritzarako diru-laguntza, udalaren arabera, “jarduera ekonomikoa eta komertziala, hiri-ehuna suspertzea, enpresa berriak sortzea eta saltoki berriak irekitzea sustatzeko helburuarekin”. Ernesto Gasco ekonomia bultzatzeko zinegotziak azaldu duenez, “hurbileko merkataritza biztanleen kontsumo-ohituren aldaketetara egokitu” nahi dute, “eskaintza erakargarriagoa” eginez eta merkataritza txikiari “erreminta berriak” eskainiz, “lehiakorragoa” izan dadin.
Donostiako Sustapenaren webgunearen bidez eskatu behar dira diru-laguntzak, eta 2020ko urriaren 1ean itxiko dute eskaera epea. Pertsona fisiko zein juridikoek eskatu dezakete diru-laguntza, baita behe solairuan kokatutako establezimendu bat edo gehiago jardunean dituzten titularrek ere. Bestalde, jarduera hauek izan ditzakete establezimendu eskatzaileek: Txikizkako merkataritza (elikadura produktuak, edariak eta tabakoa), elikaduraz ez diren produktu industrialak, etxeko artikulu elektrikoen konponketa, garbitegiak, tindategiak, ile-apaindegiak eta edertasun-institutuak, argazkigintza eta fotokopia zerbitzuak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta txurro-dendak.
200.000 euroko aurrekontua du laguntza-programa honek, eta eskatzaile bakoitzari 5.000 euro emango dizkiote gehienez. Establezimendu aktiboen kasuan, hauek izango dira diru-laguntza emateko irizpideak:
- Berritze-lanen zenbatekoaren %80 diruz lagunduko dute.
- Higiezinen eta makineriaren inbertsioaren %80 diruz lagunduko dute.
- Ekipamendu teknologikoaren inbertsioaren %80 diruz lagunduko dute (gehienez 1.000 euro).
- Aholkularitza eta kontsultoretza teknologikoko gastuen %50 bitarte diruz lagunduko dute (gehienez 500 euro).
Establezimendu berrien kasuan, aldiz, hauek izango dira irizpideak:
- Berritze-lanen zenbatekoaren %80 diruz lagunduko dute.
- Higiezinen eta makineriaren inbertsioaren %80 diruz lagunduko dute.
- Ekipamendu teknologikoaren inbertsioaren %80 diruz lagunduko dute (gehienez 1.000 euro).
- Aholkularitza eta kontsultoretza teknologikoko gastuen %50 bitarte diruz lagunduko dute (gehienez 500 euro).
- Enpresa berriaren lokalaren alokairu-gastuaren %80 diruz lagunduko dute (gehienez 2.500 euro).