Miramongo Matineeak itzuliko dira larunbatean
Larunbatean, hilaren 28an, hasiko da Miramongo Matineeak saioen denboraldi berria, udan etenaldia egin ondoren. Hogeita zortzigarren denboraldia izango da, eta hamasei kontzertu eskainiko dituzte guztira. Ohiko moduan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miramonen duen egoitzan (EOS egoitza) izango dira emanaldi guztiak, larunbatetan, 11:00etan. Berritasun gisa, osketrak egoitza berritu du, eta publikoaren parte bat oholtza gainean eseri ahalko da, musikarien bi alboetan.
Denboraldi berrian egongo diren emanaldien artean Josu Okiñena, Miren Urbieta-Vega eta Javier Perez de Azpeitiarena, Ensemble Diatessaron taldearena, Hemiola Laukotearena, Kolpeka perkusio taldearena eta Cuivres en Pays Basque taldearena nabarmentzen dira, besteak beste. Larunbat honetako emanaldia, ordea, Original Quintet taldearena izango da. Kontzertu solteetako sarrerek 7 euroko prezioa dute eta saio guztietara joateko abonamenduak 84 eurokoa, eta salgai daude jada Kursaaleko leihatilan eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgunean.