Belartzako isurketa ilegalaren inguruko ikerketa batzorde bat egitea baztertu du udalbatzak
EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeak egin dute proposamena, eta ezezko botoa eman dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Gaiak eztabaida sortu du udal batzar aretoan.
Duela hiru urte Mercadona eraikitzeko harri pilaketak egin zituzten Añorgako Belartza Goikoa eremuan. Donostiako Udalak lurrak mugitzeko emandako baimena “legez kanpokoa” zela adierazi zuen Belartza 2 Gelditu plataformak, eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak helegite bat jarri zuen epaitegietan. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion elkarteari ekainean, eta ebatzi zuen harri pilaketa ilegala izan zela.
Iraileko udalbatzarrean EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek gertaturiko argitzeko ikerketa batzorde bat sortzeko proposamena egin dute. Ordea, proposamena ez da aurrera atera EAJren, PSE-EEren eta PPren ezezko botoengatik. Eskaerak eztabaida sortu du udal batzar aretoan. “Gauza arraroak gertatu dira eremu horretan, akats asko egon dira eta azalpenak eman behar dira”, esan du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak asteburuan elkarrizketa batean egindako adierazpenak aipatu dituzte oposizioko bi udal taldeek. “Ordezkariak esan du udalak ez duela sententzia beteko, harriak erretiratzeko 5.000 kamioi behar direlako?”, azpimarratu du Burutaranek. “Hirigintza zinegotziak ere adierazi du Belartzako jasotako herentzia dela”, gaineratu du Haizea Garaik, Elkarrekin Donostiako zinegotziak.
Donostiako Hirigintza sailak VUSA eraikuntza enpresari emandako lizentzia baliogabetu zuen epaiak. Aurreko legealdian, Enrique Ramos izan zen Hirigintza zinegotzia eta berak sinatu zuen aipaturiko lizentzia. Ordea, udalbatzarrean bere arduraren inguruko zehaztapenak eman ditu. “Lizentzia hori udal teknikari batek sinatu zuen, eta ingurumen ikuspegitik egokia zela esan zuen. Ez dezagun esan sententziak ez dioena. Txosten tekniko juridiko bat falta dela dio, ez besterik”, azaldu du Ramosek. Era berean, beste argibide batzuk eman nahi izan ditu: “Belartza Goikoa eremu urbanoa da, eta ez babesturiko eremu bat. 2010etik dago urbanizatuta. Urte hartan isurketa bat ere egin zen inolako ondoriorik gabe”.
Jon Insaustik hartu du jeltzaleen hitza, eta ikerketa batzordea baztertzeko arrazoiak eman ditu. “Batzordean adierazi genuen bezala, gehiegizkoa iruditzen zaigu gai hau argitzeko ikerketa batzorde bat bat egitea. Maiatzean udal hauteskundeak izan genituen eta aldaketak egon dira udal gobernuan. Denbora eman behar zaie ardura berriak dituzten zinegotziei”. PPren udal taldeak ere, ezezkoa eman du. “Ikerke batzorde bat honi buruz egiteak benetako izaera kenduko lioke horrelako ikerketek duten balioari. Mahai-gainean soilik susmoak jarri dituzue, eta ez dut uste proposatzaileek nahikoa argudio jarri dituzuenik halako batzorde bat guk ontzat jotzeko. Dena dela, Hirigintza zinegotziak egindako adierazpenak traketsak direla uste dugu”.
Ezezko jarreren ostean, hitza hartu dute EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako zinegotziek. “Elementu nahikoa daude batzordea sortzeko. Gainera, gezurrak eta egia erdiak erabili dituzue batzordea ez babesteko. Ez da egia sententziak lizentzia baliogabetzen duela txosten bat falta delako. Hori gezurra da. Batzorde informatiboetan behin eta berriro esan duzue lurren isurketaren lizentzia behin behinekoa izango zela. Eta orain diozue ez dituzuela lurrak kenduko? Sententziak dio eremu hori lehengoratu behar dela. Udalaren akats hori konpontzea garesia da, noski, baina sententzia bete behar da”, esan du Burutaranek. “Udal gobernuak alfonbra azpian gorde nahi du polemika hau. Ramosek esan du sinadurak jartzen dizkiotela txostenetan, eta erantzukizuna teknikari bati egoztea larria da. Era berean, Arzallusek egindako adierazpenak oso larriak dira”.