Azken karobia babestuko dute
Lazunenea baserria eraitsi bazuten ere, bere karobia lekuz aldatu eta mantenduko du URA agentziak. Urumea ibaia zabaltzeko lanak egiten ari dira Martutenen.
Makinak mendiaren magala leuntzen ari dira, Urumearen ur-goraldiei aurre egiteko lanen bigarren fasea aurrera eramateko. 27 Industrialdearen eta Martuteneko zubi berriaren arteko bidea da Uraren Euskal Agentziak (URA) egonkortuko duena. Lanek kezka batzuk sortu dituzte, eta horietako bat da Lazunenea baserriaren karobiaren etorkizuna. Donostiako Udaleko iturrien arabera, karobia babestuta dago eta URAk ez du eraitsiko. Ordea, jatorrizko lekutik mugituko dute ibai ondoko bidea zuzenagoa izan dadin. Beraz, Lazunenea baserria ez bezala, zutik mantenduko dute karobia.
Motako Gaztelua kultur elkarte donostiarrak konpromisoa hartu du hirian zutik geratzen den karobi industrial bakarra babesteko. Xabier Almandoz eta Inaxio Indaberea elkarteko kideak dira. «Gure ondarea da eta babestu nahi dugu», dio Almandozek. Martutenekoa da eta betidanik ezagutu izan du Lazuneneko baserriaren karobia. «Babesteaz gain, jatorrizko lekuan mantentzea nahi genuke, bestela testuingurua galduko duelako», gaineratu du Indabereak. Izan ere, Hirigintza sailera jo zuten, eta han esan zieten karobia desmuntatu eta Carpinteria Elorza zegoen lekuan jarriko dutela.
«Karobia industriala da, bi zulokoa, eta ez baserriek ongarrirako erabili ohi zutena. Harrobitik kareharria atera eta han erretzen zuten. Gero gabarretan sartu eta Donostiara eramaten zuten», azaldu du Josu Tellabide historialariak. Anekdota bitxi bat ere badu Lazuneneko karobiak: «Baserrikoek kontatzen zuten karobi horretako materialak eta harrobiko harriak Santa Katalinako zubia eraikitzeko erabili zirela». Lau belaunalditan harrobia izan zen Lazunenea baserrikoen bizibidea.
«Hemen geratzen den ondare bakarra da. Ez dago baserririk, denak suntsitu dituzte», azpimarratu du Tellabidek. Donostian beste bi karobi egon zirela gaineratu du. «Altzan zegoen bat, Harria parkean. Bota egin zuten teknikariak ezjakinak zirelako. Ondoren konturatu ziren balioa zuela ondare aldetik. Hala moduz berreraiki zuten, eta Martutenekoarekin antzekoa egingo dutela uste dut». Beste karobia Miramonen zegoen. «Donostiako Poliklinikaren aurreko aparkalekuan zegoen, eta hura ere bota egin zuten. Miramon zahar baserriarena zen, Donostiako baserri handi eta aberatsenarena».
Ondarearen ezagutza
Martutenen hamaika bat harrobi daude, eta XX. mende hasieran harria Urumea ibaitik garraiatzen zuten. «Harrobien negozioan dozena bat enpresari aritu ziren», dio Tellabidek. Jarduera industrial hori ezagutzera emateko asmoa du Motako Gaztelua elkarteak. Horretarako, Martuteneko eragileekin eta kultur etxearekin harremanetan daude hitzaldi bat egiteko. «Baserrien, karobiaren eta Urumea ibaiaren historiaren inguruko informazioa eman nahi diegu auzotarrei», adierazi du Almandozek.
Bestalde, Donostiako Udaletxean idatzi bat erregistratzeko asmoa dute Urumea zabaltzeko proiektuaren xehetasun guztien berri izateko. Gipuzkoako Aldundiari ere karobia babesteko dokumentu bat prestatzeko eskatuko diote.
Bi urteko epean
Uztaila bukaeran hasi ziren Urumearen ur-goraldiei aurre egiteko bigarren fasearekin. Sarrueta pasealekua itxi eta 27 Industrialdearen aldetik hasi ziren eremua prestatzen ibaia bideratzeko. Orduan, hainbat herritarrek kezka agertu zuten horrek eragin zitzakeen oztopoengatik. Dena dela, Ainhoa tabernara doan bidea eta Antondegiko errepidea ez zutela oztopatuko adierazi zuten udaleko teknikariek.
Sarrueta pasealekuaren alboan dagoen mendi magala leuntzen ari dira, eta horretarako magala bera egonkortuko dute harri solteak erori ez daitezen. Bigarren faseko lanetan aurreikusita dago ibaia bideratzeko egonkortzea zonaldea, eta ondoren, errepide bat eta bidegorri bat jartzea. Saneamendu lanak ere egingo dituzte. Bi urteko epean lanak bukatuta egotea aurreikusten dute Uraren Euskal Agentziak eta udalak.