Fideo rossejata, txibia eta otarrainxkekin
OSAGAIAK
-Zirikilote fideoak
-Txibia
-Otarrainxkak
-Piperbeltza
-Baratxuria
– Tomatea
– Gatza
– Oliba olioa
– All i olia egiteko: Baratxuria, oliba olioa eta arrautza
PRESTAKETA
Lehenengo fume salda egin behar da, otarrainxken buruekin eta azalekin. Salda egina dagoenean, erretiratu, eta paella ontzi batean doratu behar dira baratxuri ale bat, eta fideoak.
Paella ontzi horretan gehitu behar da txibia zatitua, tomatea eta gatza. Dena ongi estali behar da fumearekin, eta behin ongi xurgatu duenean, otarrainxkak jarri behar dira gainean, apaintzeko. Bost minutuz utzi behar da lasai, eta, ondoren, jateko moduan geratzen da.
Cesar Barrera eta Arantza Mendioroz, All i oli jatetxeko jabeak.
«Kataluniako gastronomia ezagutzen dutenak oso gustura ateratzen dira»
Jatetxe kataluniarra da Martuteneko All i oli. Zortzi urte damatzate jatetxearekin Amarako Arantza Mendioroz eta Tarragonako Cesar Barrera senar-emazteek.
Nola sortu zen All i oli?
Arango haraneko familiaren jatetxean du jatorria. Han aritu ginen lanean urtetan, eta beti izan nuen gogoa nire kontura jatetxe bat irekitzeko. Proposamena egin nion Arantzari, eta urtebetera Donostiara etorri ginen. 2011ko martxoaren 30ean ireki genuen jatetxea. Hasieran, lan handia izan genuen, gero egonkortu egin zen, eta orain oso pozik gaude. Bi urte oso gogor igaro genituen Martuteneko zubiaren obrak zirela eta, eta zubia amaitu badute ere, Txomiñeneko lanak ez dira bukatu. Hala ere, gutxinaka gutxinaka jatetxearen egoera hobetzen ari da.
Zein motatako bezeroak dituzue?
Denetarik etortzen da gurera: ohiko bezeroak eta behin bakarrik etortzen direnak. Kataluniako gastronomia ezagutzen dutenak oso gustura ateratzen dira, eta aurretik ezagutzen ez dutenak harrituak geratzen dira. Astean zehar oso lasai ibiltzen gara, eta bereziki asteburuetan izaten dugu lana. Calcotada denboraldia, abendutik maiatzera, izaten da jatetxearen une gorena.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenukete?
Portuetxe erretegia, beti pozik irteten gara hortik; eta Parte Zaharreko Morgan, Narrika kalekoa.