"Iruditzen zait Donostian dagoen sormen guztiarentzat ez dagoela jotzeko espazio nahikorik"
Lide Hernandoren (Intxaurrondo, 1991) proiektu gisa hasi zen Liher taldea, eta ia bi urteko bira bukatzen ari dira. Euskal Herrian eta nazioartean jo ondoren, gauza berriak sortzeko geldituko dira.
Zergatik aukeratu duzu Akerbeltz?
Aste Nagusian eszenatokia hemen behean zegoenean, hemen eseri izan gara lagunak eta kontzertuak goitik ikusi. Bestalde, Parte Zaharrera poteatzera ateratzen garenean, jendearekin asko agobiatzen gara azkenaldian, eta hemen askotan aurkitzen dugu zerbezarekin lurrean esertzeko eta lasai egoteko leku bat.
Honen aurretik La Bodeguilla taberna aipatu zenuen, baina Kattalin Minerrekin hartu genuen han bermuta. Amaratik ibiltzen zara?
Normalean ez, ez naiz oso tabernazalea, eta, gainera, Pasai Donibanen bizi naiz. Baina nire lehengusina La Bodeguillatik gertu bizi da, eta berarekin gelditzen naizen bakoitzean hara joaten gara.
Nola ikusten duzu Donostia?
Nire defentsa mekanismoa Pasai Donibanera joatea eta asko ez etortzen saiatzea izan da, Erdialdera eta Parte Zaharrera, batez ere. Nerabezaroan Ikatz kalean ateratzen nintzen, baina ateratzeari utzi nion, musikarekin astebururo herriz herri ibiltzen naizelako. Orain, gero eta arrotzagoa egiten zait Donostia, ez dago lehen aurkitzen nuen etxeko giro hori. Parte Zaharrera etortzen zara, eta ingelesa edo frantsesa euskara baino gehiago entzuten dituzu. Eta begira, hemen ere hotel bat dago. Etortzen ari nintzenean pentsatu dut, ez da Akerbeltz itxita egongo hotel bat egin dutelako… [barreak].
Zinemaldia aprobetxatzen ari zara filmen bat ikusteko?
Zinemazalea naiz, baina orain arte ez naiz inoiz Zinemaldiko pelikula asko ikustera joan. Baina justu aurten, James Francoren Zeroville pelikula ikustera joan naiz.
Musikari dagokionez, Liherren bira bukatzen ari zarete. Zer moduz doa?
Oso ondo, egia esan. Urte eta zortzi hilabete inguru iraun du, eta oso gustura egon gara. Disko honekin guretzat garrantzitsuak diren lekuetan jotzea lortu dugu, baita jendearekin gehiago konektatzea ere. Orain kontzertuetan nabaritzen da hartu-eman bat dagoela.
Nekatu ere nekatu gara. Pena ematen digu gelditzeak, baina gogoa daukagu deskantsatzeko eta asteburuak libre edukitzeko.
Nazioartean jotzen duzuenean eragina du euskaraz abesteak?
Normalean kontzertuen ondoren beti etorri izan zaigu norbait zoriontzera, letrak ulertu gabe ere. Esan izan digute ezer ulertu gabe sentsazioak eragin dizkiegula eta oso ondo pasa dutela. Hizkuntza oztopo bat izan daiteke, informazio bat galtzen duzulako, baina zuzenekoak gozatzeko ez duzu zertan letra ulertu behar.
Jarraitzaile asko dituzue Donostian?
Donostian eta Gipuzkoan ditugu jarraitzaile gehien. Baina, hiri gisa, ez dugu horrenbeste sumatu publikoaren grina hori, Iruñean edo Gasteizen dagoena. Ez dakit den publikoaren jokamoldea desberdina dela leku batean edo bestean, baina Gasteizen, adibidez, interakzioa handiagoa da. Hala ere, Piratetan jo genuen Aste Nagusian, eta oso polita izan zen, beraz, geroztik Donostiarekiko gure iritzia aldatu egin da pixka bat.
Nola ikusten duzu Donostiako musika eszena?
Iruditzen zait Donostian dagoen sormen guztiarentzat ez dagoela jotzeko espazio nahikorik. Oso desorekatuta dago, ez dago aukerarik. Doka eta Dabadaba dauzkazu, eta Le Bukowskin ezin da jada. Gero hurrengo pausoa daukazu, guk oraindik ezin duguna eman, hau da, Viktoria Eugenian, Gazteszenan edo Intxaurrondo Kultur Etxean jotzea. Dabadabaren moduko areto gehiago falta dira, hori delako tabernen eta maila handiko kontzertuen arteko erdibidea. Baina ez dago horrelakorik, eta inguruko gaztetxeetara joan behar duzu.
Nola aldatu da Liher taldea?
Hiru pertsona beti egon gara hor: ni hasi nintzen, eta berehala batu ziren Joshka Natke baxu-jotzailea eta Iñigo Etxarri gitarra-jotzailea. Bateria-jotzaile asko izan ditugu, eta orain Ander Berzosa donostiarrarekin oso gustura gaude. Talde baten proiektua izatea nahi genuen, ez bakarlari batena. Izenez aldatzen ere saiatu ginen, baina ez zen proposamen hoberik atera, beraz, horrela gelditu zen.
Aldaketak egon dira diskoen artean?
Hasteko, lehenbizi egin genuen maketa akustikoa zen. Ondoren, Hauts diskoarekin rock edo pop-rockera pasa ginen, baina disko horren biran konturatu ginen soinu gogorrekin erosoago sentitzen ginela eszenatokian. Horrela hasi ziren sortzen Tenpluak erre diskoko abestiak, soinu gogorragoekin, stonerretik eta punketik gertu batzuetan.
Abesti batzuetan zure ahotsa soulera ere hurbiltzen da.
Nik beste alde batetik soula eta bluesa abestu izan ditut beti, beraz, kutsu hori daukat. Azkenean, naiz eta stoner eta punk doinuak jotzen ditugun, ahotsarekin soulera hurbiltzen naiz.
Zer errepertorio duzue zuzenean?
Azken diskoko abestiak jotzen ditugu gehien bat. Baina udako kontzertuak luzeagoak izaten dira, eta aurreko diskoko abestiak ere jotzen ditugu kasu horietan.
Nortzuk dira zure erreferenteak?
Gehienak bluesetik eta souletik datoz. Alde batetik, Etta James, Sam Cooke eta Otis Reddingen moduko klasikoak. Bestetik, modernoagoak izan daitezkeenak daude: John Mayer, Beth Hart, Alicia Keys, Jack White…
Zer daukazu orain esku artean?
Gogoa dugu zerbait mamitzen hasteko, baina ez dugu ezta entseatzeko denborarik izan ere. Baina, bai, ari gara elkarri proposamenak bidaltzen. Berritzeko gogoa dugu, ia bi urte abesti berak jotzen daramagulako, eta ipurtarin samarrak garelako. Beraz, ea atsedenaldi honek aukera ematen digun lokalean sartzeko eta abesti berriak egiteko. Pentsatzen dut publikoak ere nahiko duela abesti berriren bat entzun.
Gomendatuko zenuke Donostiako musikari edo talderen bat?
Oso interesgarria iruditzen zait azkenaldian Pelaxek egin duen aldaketa. Lehengoa ere gustatzen zitzaidan, blues kutsu hori zuelako. Esan zidatenean oraingoan progresibora joko zutela esan nien, “benetan? honek funtzionatzen zizuen…”. Baina pare bat kontzertutan ikusi ditut eta pilo bat gustatu zaizkit.
HAMABIETAN BERMUTA: Garagardoa eta olibak.
Non. Akerbeltz taberna. Mari kalea, 19 (Parte Zaharra).
Prezioa. 4 euro.