Zulueta eta Enparantza Zaballako espetxean sartu dira bost hilabeteko zigorra betetzeko
Asteazkenean elkarretaratze bat egingo dute Antiguako Gaskonia plazan, 19:00etan, bi espetxeratuei elkartasuna adierazteko.
Jon Enparantza Antiguako bizilaguna eta Arantza Zulueta Zaballako kartzelara sartu dira astelehenean, Auzitegi Nazionalak 11/13 auzibidearen harira ezarri dien bosna hilabeteko espetxe zigorra betetzeko. Bi abokatuak euren kabuz agertu dira Arabako espetxean, irailaren 30eko data “sinbolikoa” horretarako aukeratuta. Izan ere, halako egun batean hasi zen, duela sei urte, Herrira plataformaren aurkako prozesua.
Auziko parte guztiek hala adostuta, 11/13 prozesuko 47 auzipetuetatik kartzelara sartuko diren bakarrak dira Enparantza eta Zulueta. Akusazioak “talde terroristako buru” izatea leporatu zien, eta gainerako auzipetuek espetxe zigorra saihesteko baldintza gisa, biak kartzelara joan behar zirela ezarri zuen. Gauzak horrela, abokatuek euren espetxeratzea onartu zuten, otsailera artekoa izango dena, eta beste 45 herritarrek isunak eta inhabilitazio zigorrak jasoko dituzte.
47ak Herrian plataformak deituta, herritarrek elkarretaratzea egingo dute asteazkenean, 19:00etan, Antiguako Gaskonia plazan, bi abokatuen espetxeratzearen aurka.