Igarotako bidearen kronologia bat

Tokiko fauna-ondarearen defentsari lehentasuna emateko eskatu diote Enrique Ramos Ekologia zinegotziari

Donostiako Udalak kaioen populazioa kontrolatzeko neurriak iragarri ditu; Itsas Enara Ornitologia elkarteak uste du ez dagoela horretarako arrazoirik.

Kaioa

Gero eta kaio gehiago hurbiltzen ari omen dira Donostiako zenbait tokitara, batez ere hondartzara, eta udalak jakinarazi du herritar ugariren kexak jaso dituztela. Udalaren arabera, San Markoko zabortegia ixteak eragin du hori, kaioek han baitzuten elikatzeko gune nagusia. Orain herritarrek utzitako zaborren bila jo dute kaioek. Ekologia zinegotzi Enrique Ramosek esan du udala aztertzen ari dela zer egin hegazti horien “ugaritzea” saihesteko. Kaioak uxatzea eta horien zenbatekoa kontrolatzeko sistema bat jarri nahi dute hurrengo udaldirako.

Itsas Enara Ornitologia elkartearen ustez “paradoxikoa” da kaioak “kontrolatzeko” neurri hau Ekologia zinegotziak iragarri izana, eta harridura agertu du: “Ekologia zinegotzi batek basa-animaliarik gabeko hiri-eredu bat sustatu beharrean, fauna-ondarea babesteaz arduratu beharko luke”. Enrique Ramos zinegotziari gogorarazi diote Donostian eraikinetan ugaltzen diren kaio-bikoteak “eskuko atzamarrekin zenbatu daitezkeela” eta euskal kostaldean kaio hankahorien populazioa egonkortuta dagoela, gainbehera luze baten ondoren.

Bestalde, azpimarratu dute Donostia, eta zehazki Urumearen bokalea, Euskal Herriko punturik onenetakoa dela hainbat kaio espezie –horietako batzuk ez-ohiko espezieak izanik– behatzeko eta haiei argazkiak egiteko, eta ornitologo ugari erakartzen dituela. Gainera, Urumearen bokalea kaioen eraztunak irakurtzeko ere bisitatzen dute zaleek, eta horiek Europako eraztun-proiektuetako ikerketa-lanetan laguntzen dute (herritarren zientzia-ariketa nabaria). Bi jarduera horiek arriskuan egongo lirateke tokiko kaioei, edo migrazio-bidaietan Donostian geldialdi bat egiten dutenei, jazartzeko neurriak hartuko balira: “Eta ez genuke ahaztu behar, halaber, Aranzadi zientzia elkarteak kaioen inguruko ikerkuntzari dagokionez sortzen duen ekoizpen zientifikoa, neurri handi batean tokiko populazioetan zentratua”.

Zinegotziari eskatu diote lehentasuna emateko tokiko fauna-ondarearen defentsari, eta ez “erabat alarmistak diren diskurtsoei”, euren ustez, basa-faunarik gabeko hiri baten eredua sustatzen baitute.

HITZAkide HITZAkide