"Añorgako adineko jendeak duen martxak asko harritu gaitu"
'Herri txiki, infernu handi’ saioko aurkezleek Añorga bisitatu dute irailean, eta bertako herritarrak ezagutu ostean, sorpresaz beteriko programa prestatu dutela azaldu dute Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak. Emaitza igande gauean ikusi ahal izango da, 22:00etan, ETB 1-en.
Nolatan fitxatu duzue Añorga zuen saiorako?
Mikel Pagadi (M.P.): Niretzat, Villabonakoa izanda, Añorgako herritarrak bizilagunak dira nolabait. Aginagako esperientzia politaren ostean, pentsatu genuen hemengo bizilagunek ere ziur kontatzeko zer edo zer edukiko zutela, eta halaxe izan da. Sorpresa onak hartu ditugu hemen.
Zein berezitasun topatu duzue?
M.P.: Kirolaren arloan, Añorga leku ezaguna da, baina beste berezitasun batzuk ere topatu ditugu. Adibidez, asko harritu gaitu herri honetan adineko jende asko dagoela, eta baita sekulako martxa dutela ere. 104 eta 90 urteko bi emakume ezagutu ditugu, eta baita 76 urterekin bizikletaz munduari buelta eman dion gizon bat ere.
Zuhaitz Gurrutxaga (Z.G.): Sasoi izugarria duten pertsonak ezagutu ditugu, eta ederra izan da beraiekin hitz egitea.
M.P.: Eta jende gazteak ere sorpresak eman dizkigu! Ikusi dugu hemen egundoko fauna daukatela. Animaliengatik diot, ez gazteengatik. Armiarmak, musker handiak… Gazteen zaletasun horrek asko harritu gaitu.
Jende gaztearen artean zenbait imitatzaile izan dituzue hemen. Ikusi al duzue Añorga Herri Txiki saioa?
M.P.: Bai, bai. Youtubeko bideoak ikusi ditugu, noski. Baina orain hemen autentikoak beraiek dira, eta gu gara, berriz, imitatzaileak.
Z.G.: Haiek egindakoa lagungarri izan da gure saioa prestatzeko. Lana aurreratu egin digute, alegia, eta hori eskertzekoa da!
M.P.: Gainera, ilusioa egiten du zuk egindako zerbait beste batek oinarri modura hartu eta gauza berriak sortzeko erabiltzea.
Z.G.: Eta, beraiei esker, hona etorri garenerako bizilagunak ohituta zeuden Herri Txiki-n ateratzera. Hortaz, gauzak asko erraztu dizkigute.
M.P.: Orain, ordea, haien maila berera iristera behartuta gaude, eta hori ardura handia izango da!
Añorgako gazteek beste Herri txiki bat egin zuten iazko jaietan
Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadiren saioan oinarrituta, Añorgako gazteek saio berezia prestatu zuten iaz jaietako ekitaldi sorpresarako. Bederatzi lagunen artean, Herri txiki Añorga programa egin zuten, auzoko hainbat bizilagun elkarrizketatuta. Jon Altuna, Maddalen Gartziandia, Iñaki Gartziandia, Xabier Matxain, Unai Galatas, Fermin Benegas, Gaizka Manterola, Ander Eraunzetamurgil eta Mattin Matxain izan ziren egitasmoaren sortzaileak. Grabaturiko bideoetan, auzokideek kontatutako hainbat bizipen eta anekdota bildu zituzten, eta saio guztiak 25 Geltokiaren Youtubeko kanalean ikusi daitezke oraindik.