«Batzuentzat ‘Ghero’ distopia bat da, beste batzuentzat, aldiz, utopia bat»
“3000 urtea. Euskara desagertzeko zorian dago. Azken euskaldunak izkin egin nahi dio halabeharrari. Benetako misterioa ez da gure hizkuntzaren jatorria, ezbada bere biziraupen harrigarria.
3000 urtean euskara egongo al da?”. Horrela hasten da Tartean Teatroa konpainiaren Ghero antzezlanaren sinopsia. Urriaren 12an Viktoria Eugenia antzokian izango dira Mikel Martinez, Patxo Telleria, Iñaki Maruri, Olatz Ganboa eta Ane Pikaza, eta urte bukaerara arte programatuta dituzte emanaldiak. Patxo Telleria da aktoreetako bat, baina dramaturgia ere berak idatzi du.
Zertan datza ‘Ghero’ antzezlana?
Guregana jo zuten duela bi urte, Euskaltzaindiaren urteurrenaren harira, testuinguru akademikotik ateraz zerbait egin nahi zutela esanez. Hausnarketa prozesu baten ostean, Ghero sortu zen, batzuen ustez distopia bat dena eta beste batzuen ustez utopia bat: 3000. urtean gaude eta oraindik euskaldun bat gelditzen da, edo modu ezkor batean esanda, 3000 urtean gaude eta azken euskalduna hiltzera doa. Hori da abiapuntua.
Zein da zure pertsonaia?
Istorio nagusia azken euskaldun horrena da, baina Xerezaderen ipuinean bezala, hainbat istorio daude barruan. Euskararen historiaren une gogoangarri, berezi eta ezezagun asko ekartzen ditu gogora pertsonaiak, eta, beraz, esango nuke fabulen fabula bat dela. Azken euskaldun hori Mikel Martinezek gorpuzten du, eta istorio horiek gorpuzten ditugun beste hiru aktore gaude.
Aktore lanak egiteaz gain, dramaturgia ere idatzi duzu. Nondik etorri zitzaizun ideia?
Bai, konpainian egin ohi dugun moduan, nik idatzi dut dramaturgia, beraz, idazle eta aktore gisa nago. Askotan egin ditugu gure konpainian euskararekin zerikusia duten obrak, baina orokorrean umore absurdoa eta eroa erabiliz. Kasu honetan, eskaria desberdina zenez, gauza desberdin bat eskaini nahi genuen, eta tonua aldatzea erabaki genuen. Umorea presente badago ere, solemnitate gehiago eman nahi genion, abiapuntua ez delako komikoa. Ikuskizun honekin jendea harritzea lortu nahi genuen, eta uste dut lortu dugula.
Posible ikusten duzu antzezlanean planteatzen duzuen egoerara iristea?
Hizkuntzak izaki bizidunak dira, izaki bizidunak direlako hizkuntzak hitz egiten dituztenak, eta, beraz, hizkuntza guztiak jaio, bizi eta hil egiten dira. Ez dakigu noiz, baina hizkuntza guztiak hil egingo dira, salbuespenik gabe. Euskarari bere ordua iritsiko zaio, zalantzarik gabe, baina ez dakigu noiz. Logikaren aurka irauten ari da, zeren euskarari hiltzeko ordua heldu zitzaion aspaldi, baina ez zen deialdi horretara aurkeztu.
Iñaki Salvadorrek egin du musika.
Ez Dok Hiru antzezlanean guk kantatzen genuen, baina zuzeneko musika zegoen, batez ere. Kasu honetan, koru lana egiten dugu. Polifoniak landu ditugu, eta kantu tradizionalak erabili ditugu istorio honi gorputz eta kolore berezi bat emateko.
Arrakasta izaten ari da ikuskizuna?
Bai, emanaldi nahikotxo egin ditugu, eta oraindik asko geratzen zaizkigu. Hori seinale ona da, programatzaileek interesa agertu dutela erakusten du. Aurrera jarraituko dugu neguan, eta obra berri bat ateratzeko jo eta ke gabiltza, baita ere.