Intsumisioaren doinu ozena entzun zen epaitegian
1994ko ekainean, Negu Gorriak taldeak kontzertu inprobisatu bat eskaini zuen San Martin kaleko epaitegi penalaren aurrean, kamioi batean igota. Egun horretan, Mikel Kazalis baxu-jotzaileak eraikin barruan deklaratu behar zuen, zerbitzu militarrari uko egiteagatik egin nahi zioten epaiketan.
Duela 25 urte gertatu zen. Astelehen goiz batean, hiriko 200 bat gaztek intsumisioaren aldeko elkarretaratzea egin zuten San Martin kaleko epaitegi penalaren parean. Eraikin barruan, Negu Gorriak taldeko Mikel Kazalis baxu-jotzaileak epailearen aurrean deklaratu behar zuen zerbitzu militarrari uko egin izanagatik. Musikaria, ordea, ez zen hitzordu horretara agertuko. Bat-batean, kamioi batek kaleko trafikoa moztu zuen, eta horra igota, Cazalis eta bere taldekideek intsumisioaren aldeko kontzertu desobedientea eskaini zuten epaitegiaren aurrean.
Segundo gutxitan egundoko festa muntatu zen San Martinen. Sorgailu batekin lagunduta, Negu Gorriaken doinuak ozen entzun ziren kalean zein epaitegian, eta intsumisoaren mezua epailearenganaino heldu zen. Horra hor bere deklarazioa.
Guztira bost abesti jo zituzten, eta eraso egin ostean desagertu egiten diren gerrillen modura, hamabost minuturen buruan kamioiak alde egin zuen. Manifestazioak, berriz, hiriko kaleetan barrena jarraitu zuen, Gobernu Militarraren egoitzara (Goikoa Jauregia) iritsi arte. Han, 200 gazte antimilitaristek eserialdi baketsua egin zuten zerbitzu militarraren aurka, eta minutu batzuen ostean, protesta istilurik gabe amaitu zuten.
Trafiko-isun baten prezioagatik, Kazalisek eta bere taldekideek sekulako oihartzuna eman zioten intsumisioaren aldeko borrokari. Hori aprobetxatuz, egun gutxira Barakaldoko epaitegi parean beste kontzertu bat eskaini zuten, Parabellum taldeko Lino Prietoren aurkako epaiketa salatzeko.