Adin tarte guztietako herritarrek Donostia nola ikusten duten erakusteko
Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna pasa berri denean, Donostia Lagunkoiak Begirada Garaikideak egitasmoa abian jarri du. Adin tarte guztietako donostiarrei hiria nola ikusten duten erakutsi nahi diete.
Tabakalerako Ubik liburutegian abiatu zuten egitasmoa topaketa-lantegi batekin. Partaide bakoitzari erabilera bakarreko kamera bat banatu zieten hiriaren bere begirada islatzeko. Eva Salaberria Donostia Lagunkoiaren koordinatzaileak eta Niko Iturralde argazkilariak zuzendu zuten topaketa.
Azken batean, 100 donostiarren begirada erakustea da helburu nagusia. Adin tarte zabalekoak izan arren, hiri eta garai berean bizi dira eta garaikideak dira.
Egitasmoa partekatuko da abenduko Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan egingo den erakusketa baten bidez. Honekin, hirian jartzen ditugun begiradak bezainbeste Donostia osatzen dituztela, eta ikuspuntu bakoitzak nahitaez besteetan eragina duela erakutsi nahi da.